Ibon eta Eneko Goieaskoetxeak eta Kepa Arronategik “muturreko” egoera bizi dutela salatu du Busturian sortu den euskal preso politikoen aldeko plataformak. Zapatuan egindako ekitaldian, hiru preso horien egoeraren berri eman zuten. Aipatu dutenez, Ibon Valenceko espetxean dute preso, Frantziako estatuan, Euskal Herritik ia 1.000 kilometrora. Valencekoa “kartzela esperimentala” dela azaldu du presoen aldeko plataformak; “ziegetan giltzapetuta izateaz gain, espetxeko edozein lekutara doazela, giltzapetu egiten dituzte: liburutegia, patioa, gimnasioa… Gainera, ez dute inongo jardueratan parte hartzeko aukerarik”.
Plataformaren ustez, bereziki aipagarriak dira senide eta lagunek bisitetara joateko dituzten zailtasunak. “Hori dela eta, joan den abuztuaz geroztik zigor ziegan sartzeko erabakia hartu zuten Ibonek eta harekin batera espetxe berean dagoen Aletxu Zobaranek”, azaldu dute. Euskal Herrira gerturatzea eta euskal preso politiko gehiagorekin elkartzea aldarrikatzen dute Goieaskoetxeak eta Zobaranek, eta denbora luzea daramate mitardean, bisitei uko eginez.
Eneko, isolamendu moduluan
Ibonen anaia, Eneko Goieaskoetxea, Alcala Mecon (Madril, Espainia) dute preso, eta, plataformak salatu du isolamendu moduluan dutela, lehen graduan. Egoera “larria” dela esan dute, “bakar-bakarrik” dutelako. “Azken urte osoa eman du egoera horretan. Ez dauka inolako harremanik beste presoekin” –esan dute– “Psikologikoki oso kalte handia eragiten dio egoera horrek”.
Kepa Arronategi Almerian (Espainia) dute preso. Duela 20 urte atzeman zuten (1997. urtean). Eguneko 24 orduetatik 20 ziegan giltzapetuta ematen ditu, egunero. Familiarentzako eta lagunentzako ere kostu handia suposatzen du egoera horrek: bai ekonomikoki, baita psikologikoki ere.
Egoera latz horiek guztiak salatzeko asmoz, Busturiko hainbat herritar elkartu dira, presoen bizi baldintzen berri eman eta gure elkartasuna helarazteko asmoz. Ibon ea Aletxuren egoeraren berri emateko gutunak bidaliko dizkiete Frantziako Justizia Ministerioari, Lyoneko Espetxe Zerbitzuen zuzendaritzari eta Valenceko espetxeko zuzendariari eta zuzendariordeari. Horretarako, sinadura bilketa hasi dute Busturialdean. Datorren astean, Busturiko Altamira auzoan San Migel auzoko festak ospatuko direla aprobetxatuta, jarraipena emango diete gutun bilketari eta egoeraren salaketari.
Bestalde, irailaren 24rako Valenceko espetxera martxa iragarri dute. Parte hartu gura duenak
amnistiaaskatasuna@gmail.com helbidean eman behar du izena.
Joan den barikuan, bestalde, Goieaskoetxea eta Zobaranen egoera salatzeko elkarretaratzea egin zuten Gernika-Lumon.