Bermeoko portuko eta Izaro irlara arteko joan-etorria ordu bete eta 45 segundoan burutu du gipuzkoarrak.
Emakumezkoetan ere gipuzkoarrak nagusi; Leire Zeziagak ordu bete, 15 minutu eta 19 segundoko denboran amaitu du 5.000 metroko proba.
Gizonezkoetan, iazko irabazle Alex Ojanguren sailkatu da bigarren, eta Txema Marimon heldu da hirugarren Bermeoko portuko helmugara. Ojangurenek ordu bete, bi minutu eta 11 segundoko denbora egin du (iaz 1:03:52), eta Marimon Ojangurenengandik 23 segundora sartu da helmugan.
Emakumezkoetan Amaia Zendoia sailkatu da Zeziagaren atzetik (Zendoia iaz ere bigarren sailkatu zen), eta Lara Bicandik osatu du podiuma. Cendoya irabazlearengandik 30 segundora heldu da. Vicandik ordu bete, 17 minutu eta 19 segundoko denboran bete du proba.
Era berean, 5.000 metroko proba neoprenorik barik egin duten Leire Zeberio (sailkapen orokorrean laugarrena izan da ) eta Aaron Sanchez (sailkapen orokorrean zortzigarren geratu da) ere saritu dituzte.
Ion Mujika irabazlea heldu den unea.
1.500 metroko proba, berriz, iazko garaile Ander Arruabarrenak eta Maialen Saezek irabazi dute. 19 minutu eta 24 segundoko denboran bete du proba Arruabarrenak (iaz 22 minutu eta 20 segundoko denbora egin zuen). Saezek 21 minutu eta 20 segundoko marka egin du.
Gizonezkoei dagokienez, Aritz Aguilar eta Unai Arruabarrena sailkatu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Hain zuzen ere, Aguilar iazko proban ere bigarren helmugaratu zen. Gaurkoan garaipena lortzeko gutxi falta izan zaio, Arruabarrenarengandik bost segundo eskasera helmugaratu baita. Hirugarrenaren eta irabazlearen artean ere alde txikia izan da, hamar segundoko tarteagaz heldu baita hirugarren sailkatua.
Bestalde, emakumezkoetan ere alde estua egon da. Ana Rosco izan da bigarrena, irabazlearengandik hiru segundoko aldeagaz. Nuria Boyero hirugarren sailkatuak 21 minutu eta 37 segundotan burutu du proba.
Hiru kategorietako saridunen talde argazkia.
11:40ak aldera hasi da 5.000 metroko zeharkaldia burutuko duten emakumezkoen proba, eta hamar minutu beranduago uretaratu dira gizonezkoak. Guztira 332 igerilarik egin dute zeharkaldi nagusia.
Ostean, 12:00etan ekin diote lehiari 1.500 metroko probaren 223 partaideek.
Proba hasi aurretik, partaideen artean urduritasuna igartzen zen, eta probaren nondik norakoak komentatzen ibili dira. Amaieran, berriz, hornidura gunean indarberritzen zeudela pozik agertu dira. Proba “ikaragarria” dela zioten, eta gogorra bezain ikusgarria. Iaz itsaso txarrari aurre egin behar izan zioten, aurten halakorik ez dute izan, baina, kontrako haizeak igeriketa zaildu diela aitortu dute.
Denak ere pozik, proba amaitzea nahikoa saria baita gehienentzat. Ume zein nagusiek, eta bertokoek zein kanpokoek esperientzia “izugarria” dela nabarmendu dute.
Parte hartzaileen senitarteko eta lagunekin batera, bermeotar ugari hurbildu da portura. Eguzkiak berotu arren, haizea lagun izan dute, eta gogor animatu dituzte igerilariak.
Umeen proba
Nagusien aurretik, 11:00etan hasi da umeen zeharkaldia. 60 bat umek egin dute 500 metroko proba, eta bederatzi minutu eta 48 segundoko denboragaz Maialen Sudupe nagusitu da. Unai Somovillak Suduperengandik bederatzi segundora amaitu du zeharkaldia.
Nesketan Leire Martin eta Ainhoa Martin izan dira bigarrena eta hirugarrena, hurrenez hurren, eta mutiletan, Erenoitz Barrenetxeak eta Javier Balbuenak osatu dute podiuma.
600 igerilaritik gora batu dira gaur Bermeon, tartean Gipuzkoatik etorritako Kanporta Kirol Elkarteko igeriketa egokituko kideak. Horiek 1.500 metroko eta 500 metroko probak egin dituzte, eta sari banaketa ekitaldian bertan bildutakoen omenaldi beroa jaso dute.
Aipatu saridunekin batera, kategoria guztietako lehen bermeotarrak ere saritu dituzte, eta baita beteranoak eta seniorrak ere.