Zapatuko manifestaziora joateko autobusa antolatu dute
Zapatuan preso gaixoak kaleratzearen alde Amnistiaren Aldeko eta eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Etxarrin antolatutako manifestaziora joateko autobusa antolatu dute Busturialdetik.Bermeotik abiatuko da autobusa 16:00etan, Erretenetik. Mundakarre...
Bermeotik abiatuko da autobusa 16:00etan, Erretenetik. Mundakarrek Goiko Kalean egon beharko dute, 16:15ean. Busturian, berriz, Axpe auzoko autobusen geltokian egingo du geldialdia autobusak, 16:30ean. Azkenik, Gernika-Lumoko Saraspeko geltokitik igaroko da 16:45ean Etxarrirako bidea hartzeko. Manifestazioa 19:00etan abiatuko da Etxarriko plazatik.
Bilbotik eta Donostiatik ere autobusak antolatu dituzte. Donostiako autobuserako amnistiadonostia@gmail.com-era idatzita eman ahalko dute izena; Bilbokorako, berriz, amnistiaaskatasuna@gmail.com-era.
Zigor ziegan
Bestalde, abuztuaren 11n jakinarazi zuen Etxerat elkarteak Frantziako Valence espetxean dauden Ibon Goieaskoetxea euskal preso politiko busturiarra eta Alex Zobaran beraien borondatez sartu zirela zigor ziegan, abuztuaren 8an. «Dispertsioa eta urruntze politikaren aurkako borroka da» bi euskal preso horiena.
Era berean, Mont de Marsaneko presoek jakinarazi dutenez, «borrokaldia hasi dute Ibon Goieaskoetxeak eta Alex Zobaranek dispertsioaren kontra daramaten borroka babesteko eta indartzeko». Azaldu dutenez, «Valenceko espetxean bahiturik eta urrundurik dituzten bi kideen protestaldiagaz bat eginez, astero janari errefusa eta askotariko ekimenak egingo dituzte; bai eta Valenceko espetxeko zuzendariari gutunak astero bidali ere». Goieaskoetxea eta Zobararen egoera salatzeaz gain, Mont de Marsaneko presoek Xabi Aranburu ondarrutarra da euretariko bat egingo dituzten ekimenetan «preso gaixo larriekiko askatasuna aldarrikatuko dute, Etxarrin gose greban dirauten preso ohiei elkartasuna adieraziz».