Asteburuan hamaika ekitaldi burutu dituzte Ean. Gaztelu eta volleyball lehiaketak, kantu poteoak, karaokea, tortilla txapelketa, umeen jolasak, paddle surf estropada… Aspertzeko astirik ez dute eduki ume, gazte zein nagusiek.
Udako oporraldia agurtzeko
Udako parranda nagusia ospatu dute hiru egunez eatarrek eta udatiarrek. Aste honetan Ean udan pasatzen dutenak beren etxeetara bueltatuko dira, eta bertakoak ere ohiko egunerokotasunera bueltatuko dira.
Esaterako, zapatuan, goizean hasi eta eguerdira arte umeen jolasak egin zituzten, eta besteak beste, Altxorraren bila jolas ezagunean dibertitu ziren guraso eta seme-alaba asko.
Arratsaldean, Altxikar kalean hasi zuten mozorro jaitsiera. Handik Jesusen kalera pasatu, eta udaletxe aurretik pasatu ostean frontoian amaitu zuten kalejira. Askotariko mozorroekaz atera ziren kalera ume zein nagusiak: piratak, marrazki bizidunetako eta komikietako pertsonaiak, indioak, karakolak, kirolariak…
Batukadaren erritmo bizien laguntzagaz egin zuten frontoira arteko ibilbidea, eta amaieran txokolatea egon zen gura zuenarentzat.
Iluntzean playback erakustaldian barre-algara ederrak egin zituzten, eta eguna dantzan borobiltzeko Dj emanaldia izan zuten.