Zapatu arratsaldean etxean ekin zion 2016-2017 denboraldiari talde bermeotarrak, Baskoniaren kontra.
Hasierako minutuetatik gogor estutu zuen aurkaria etxeko taldeak. Horren adibide dira sortutako gol aukerak. Hasierako ordu laurdenean, esaterako, bost gol aukerak izan zituen.
Aurpegi berri asko daude taldean, baina, denboraldi-aurrean taldea sendotu dutela igarri zen zapatuan.
Bermeoren hamaikakoa. Argazkia: Bermeo Fubtol Taldea.
Etxeko taldea nagusi izan arren, Baskoniak estreinatu zuen markagailua. Iñigo Vicenteren pasea ondo errematatzen asmatu zuen Morcillok. Atsedenaldira heldu aurretik markagailua berdintzeko aukera izan zuten bermeotarrek, baina, Baskoniaren defentsak ekidin zuen gola.
Lehen zatiko sargoriaren ostean, enbataren haize freskoa eskertu zuten jokalariek bigarren zatian. 50. minutua beteta aldaketa erabakigarria egin zuen Vadillo Bermeoko entrenatzaileak. Villar atera eta Carlos zelairatu zuen, eta hura izan zen banako berdinketaren egilea.
Banako berdinketaren gola egin aurretik, Ukerdik zutoinera bidali zuen baloia. Gol aukera horren ostean etorri zen Carlosen gola. Area ertzean baloia boleaz errematatu eta gol bikaina sartu zuen.
Bermeoren golaren ostean, Baskoniak bere bigarren gola sartu zuen, baina, epaileak Vicente jokoz kanpo zegoela adierazi zuen.
Etxeko taldea ez zen berdinketagaz konformatu eta garaipenaren bila zenbait gol aukera sortu zituen. Baina, ez zuten Oleagaren atean asmatzerik lortu.
Asteburu honetan, Santutxuren kontra lehiatuko du bigarren jardunaldia.