Natxituarrak ordu bete, 43 minutu eta 15 segundotan amaitu du proba. Haren ostean, Joanes Goitisolo izan da bigarrena Eskolondoko pareko helmugan. Goitisolok ordu bete, 50 minutu eta 53 segundoko marka egin du. Bigarrenarengandik hamar minutura heldu da Aritz Arruti hirugarren sailkatua (2:00.36).
Era berean, Zuriñe Frutos izan da helmugan sartu den lehen emakumezkoa. Frutosek bi ordu, 12 minutu eta 6 segundotan burutu du lasterketa. Lau bat minutuko tarteagaz, Irati Apraiz gernikarra izan da bigarrena (2:16.54). Eta bi ordu, 20 minutu eta 42 segundoko denboragaz Oihane Perezek osatu du podiuma.
Apraiz, Frutos eta Perez podiumean.
Halaber, iazko irabazle Julen Zubero lemoarra izan da lehena BTT martxan.
Bi probak kontuan hartuta, 221 parte hartzaile izan dira. Horietatik 147 txirrindularik egin dute bizikleta martxa, eta 74 korrikalarik lehiatu dute lasterketa.
Ibilbidea oso polita izan dela nabarmendu dute partaideek, eta lehen orduetan lainotuta egon bada ere, gerora eguzkiak ondo berotu du eta askok bero itzela pasatu dutela azaldu dute.
Eako hondartzatik 09:30ean irten dira BTT martxako partaideak, eta ordu erdi beranduago ekin diote lehiari korrikalariek.
BTT martxakoek 37 kilometro egin dituzte bizikleta gainean, eta mendi trail lasterketakoek 22 kilometroko ibilbidea burutu dute.
Arratsaldean Txipiroi txiki
Goizean nagusien proba lehiatu ostean, arratsaldean herriko ume eta gaztetxoen txanda izango da. 18:00etan hasiko da Txipiroi txiki Eskolondon, eta herrian zehar ibilalditxoa egingo dute, beste urte batez.