Sukalki eguna ospatu dute gaur Mundakan, San Pedro jaien azken aurreko egunean. Urtero bezala, hainbat koadrilek parte hartu dute, eta
aurtengo irabazleak Pillatum koadrilakoak izan dira, 17. zenbakidun lapikoarekin.
Goizetik hartu dute herriko kaleek sukalki usaina. Izan ere, herriko txoko ezberdinetan, sukaldari, laguntzaile eta jatunek lekua hartu dute, beren kazolak sutan jarri eta sukalkirako osagaiak prestatzeko. Bitartean txistulariak ibili dira kaleetatik, goiza girotzen.
Sukalki onena egin duen
sukaldaria Xabier Bilbao bermeotarra izan da, eta garaikurraz gain, 80 euroko dirusaria, txapela, otzara bat eta amantala irabazi dituzte Pillatum koadrilakoek. Azken hamar finalistentzako ere sari ezberdinak egon dira: Isabel produktuen sortak, sukaldeko tresnak, txakolin botilak…
“Gaurko eguna beti izaten da berezia, koadrilak batzen gara sukaldatzeko eta eguna ondo pasatzeko”, azaldu du Aitor Egurrola Mundakako alkateak. Epaileei laguntzen izan da bera, aurkeztutako 41 lapikoak dastatzen zituzten bitartean.
Kazolarik onena aukeratzeko orduan, epaileek
irudia eta sukaldatze puntua, zerotik bostera puntuatu dituzte, eta zaporea berriz, zerotik hamarrera neurtzen dute.
Arratsaldean jaiak jarraitu egingo du pilota partiduekin, eta iluntzean erromeria egongo da plazan, Zirkinik bez taldeagaz. Ikusi
hemen jaietako programa osoa.