San Joan jaiek hamaika ekintza ekarriko dituzte Busturialdera. Udako egunik luzeenei aurre egiteko egitarau oparoak prestatu dituzte Gernika-Lumoko San Juan Ibarra, Ereñoko Gabika, Mendatako Lamikiz, Ajangizko Kanpantxu eta Bermeoko Arane auzoetan. Datozen egunotan San Joan loren bedeinkapena eta sainduari bisita egitea galdu ezinezko hitzordu izango dira askorentzat, baina horrekin batera ez dira faltako musika, dantza, jokoak…
Herritarrek Gaztelugatxen gora eta behera
Bermeon, esaterako, herritar askorentzat ez da San Joan egunik, Gaztelugatxeko San Joan bisitatu barik. Mahona soinean jantzi eta asko izango dira Gaztelugatxera hurbilduko direnak. Ohitura da, gainera, oinez joatea. Taldean joan gura dutenek, Sollube 707 mendizale taldeagaz egin ahalko dute, urtero legez. Goizaldetik hasita, mezak egoten dira Gaztelugatxeko baselizan. Batzuek meza entzungo dute, eta beste batzuek, ordea, kanpaia jo eta herrira buelta egingo dute.
Herrirako bidean, baina, Arane auzoko jaietan geldialdia egingo dute asko eta askok. 08:00etarako txupina botako dute auzotarrek, eta 17:00etan, herri kirolekin, emango diote hasiera egitarauari. Ondoren, umeentzako herri kirol tailerrak eta jokoak egingo dituzte, eta txalaparta tailerrean ondo pasatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Jai eguna kontzertuekin amaituko dute. Urtero modura, arratsaldean eta gauean, Aranera joateko autobusak jarriko dituzte, doan.
Egunez ere bai
Lau eguneko egitaraua prestatu dute Muxikako Ajuria auzoan, sanjoanak ospatzeko. 23an, iluntzean sua piztutako dute, eta barikuan, santuaren omenezko meza, pilota partidak eta pintxo poteoa egingo dute, bertsolariekin batera. Zapatuan berriz, txistulariek goizetik hasiko dute kalejira eta eguerdian herri bazkaria egingo dute frontoian. Domekan berriz, pilota partidak eta Basotxoritxu dantza taldearen emanaldia izango dituzte aukeran.
Ereñoko Gabika auzoan ere jaiek lau egun hartuko dituzte. 23an, 21:00etan botako dute txupina, sua piztu aurretik. Barikuan, meza nagusia, hamaiketakoa eta briska txapelketa egongo dira. Zapatuan, paella txapelketa egingo dute, eta iluntzea Roberto eta Idoia trikitilariek girotuko dute, bakailao janarekin batera. Domekan, Kabelinatxe Dantza Taldeak erakustaldia egingo du eta arratsaldean Txatxiku txapelketa egongo da.
Ajangizko Kanpantxu auzoan ere sanjoanak ospatuko dituzte. Lehen bi egunetan sua, sardinada eta bakailao jana edukiko dituzte; hurrengo asteburuan, briska txapelketa, Artxube Dantza Taldearen emanaldia eta herri bazkaria egingo dituzte.
Etzi, ospatuko dituzte Mendatako Lamikiz auzoan sanjoanak. 12:00etako mezaren ostean, alboka, triki eta panderoek alaituko dute giroa. Bertsolariak, bazkaria eta Ariatzako Otxotearen abestiak ere ez dira faltako.
San Juan Ibarrako San Joan jaiak
Gernikan ere, San Juan Ibarra plazan ospatuko dituzte sanojanak. Barikuan txupina bota ondoren, barbakoa eta Segundo Olaeta Musika Eskolaren ZoriROCKnak emanaldiagaz jarraituko dute. Zapatuan, GernikaRugby Taldeak antolatutako paella txapelketa egingo dute, umeentzako jolasekin. Basajaun taldearen erromeriarekin bukatuko da eguna. Domekan Urdaibai Kantaguneak euskal kantak abestuko ditu. Ondoren, Xaiborren diskofesta eta txokolatada egongo dituzte.
AJANGIZ (Kanpatxun)
Ekainak 23.
– 21:00. Sua eta sardina jana.
Ekainak 24.
– 20:00. Makailao jana
Uztailak 2.
– 20:00. Briska txapelketa (izen ematea, 19:30ean).
Uztailak 3.
– 12:30. Artxube dantza taldea.
– 15:00. Herri bazkaria (izena emateko azken eguna, ekainak 30, Abi Alai txokoan eta Ajangizko Herriko Tabernan).
BERMEO
Ekainak 23.
– 19:30. Bermeotarrak fanfarrea.
– 21:00. Musika, Goiko Plazan.
– 22:00. San Juan kantak, dantzak eta sua.
Ekainak 24.
– Goizaldean. Mezak, Gaztelugatxeko San Juanen.
– 11:00-14:00. Geuk eus kanpainako bideo-photocall karpa, Eneperin.
– 22:00. Bermeoko Kafe Antzokian, Trampas DJ Kolektiboa.
(Arane auzoan)
– 08:00. Txupina.
– 17:00. Herri kirolak, eta umeentzako herri kirol tailer eta jokoak.
-18:00. Txalaparta tailerra.
– 20:00. Musika: herriko taldeak.
– 22:00. Kontzertuak.
EREÑO (Gabikan)
Ekainak 23.
– 21:30. Txupina.
– 22:00. San Joan suak.
Ekainak 24.
– 12:00. Meza nagusia.
– Ondoren. Hamaiketakoa, Busterri-gane elkartean.
– 18:00. Briska txapelketa Nabarniz eta Ereñokoentzat. 10 euro bikoteko, txokolatea barne.
Ekainak 25.
– Goizean. Paella txapelketa.
– 14:30. Paellen aurkezpena.
– 22:00. Makailao jana, Roberto eta Idoia trikitilariekin.
Ekainak 26.
– 12:00. Meza nagusia.
– 13:00. Kabelinatxe dantza taldea.
– 18:00. Txantxiku sariketa (3 sari).
GERNIKA-LUMO
– 21:00. Preso eta iheslarien aldeko sua, Metalurgicas enpresaren atzean; txistorra eta musika.
(Lurgorrin)
Ekainak 23.
– 18:30. Elai Alai dantza taldeko umeen saioa.
– 19:30. Txokolatea eta flashak. Ostean, erromeria eta Tukatukada batukada. (obrak direla eta, sua Nafarroa Beherea kalean).
(San Juan Ibarran)
Ekainak 24.
– 20:00. Txupina.
– 20:00-22.00. Garagardo eta Barbakoaren jaialdia.
– 22:00. ZoriROCKnak SOME! Segundo Olaeta Musika Eskolako Konboak.
Ekainak 25.
Paella txapelketa (izen ematea hilaren 23 arte, Rugby tabernan).
– 12:30-14:30. Umeentzat jolasak.
– 14:00. Paellen aurkezpena.
– 15:00. Paella txapelketaren sari banaketa eta bazkari herrikoia.
– 16:30-20:30. Umeentzako jolasak.
– 20:00-22.00. Garagardo eta Barbakoaren jaialdia.
– 21:00-24:00. Erromeria: Basajaun.
Ekainak 26.
– 13:00-15:00. Euskal Kantak, San Juan Ibarra plazan.
– 19:30-20:30. Xaibor diskofesta.
– 21:00. Txokole jana, Omago Txiki aurrean.
– 22:00. Jai amaierako txupina.
MENDATA (Lamikizen)
Ekainak 19.
– 12:00. Meza.
– Ostean. Alboka, triki eta pandero hirukoteak alaituko du giroa. Pintxoak eta edaria egongo dira bertaratzen direnentzat. Bertsolarien saioa eta Ariatzako Otxotearen kantaldia.
(Elexalden)
Ekainak 23.
– 19:30etik aurrera. Sardina jana
– Ondoren. San Joan sua