Jone Amezaga aske geratuko da
Ekainaren 11n irtengo da Brievako espetxetik. Jone Goirizelaia abokatuak adierazi duenez, baieztapen ofiziala eman ez dioten arren, «ez luke inolako arazorik egon behar»Hamazortzi hilabete kartzelan egin ostean, aske geratuko da Jone Amezaga errigoit...
Ekainaren 11n irtengo da Brievako espetxetik. Jone Goirizelaia abokatuak adierazi duenez, baieztapen ofiziala eman ez dioten arren, «ez luke inolako arazorik egon behar»
Hamazortzi hilabete kartzelan egin ostean, aske geratuko da Jone Amezaga errigoitiarra. Haren abokatu Jone Goirizelaiak adierazi duenez, «oraindik fiskalaren oniritzia falta da, baina ez luke inolako arazorik egon behar». Beraz, ekainaren 11n utziko dute libre.Terrorismoa goratzea leporatuta atxilotu zuten Amezaga, eta pankarta bat eusten zuen makila batean aurkitutako hatz-marka batzuk frogatzat hartuta kondenatu zuten 18 hilabeteko espetxealdira.
Espetxeratzeko agindua jaso, eta epaileak hamar egun eman zizkion espetxera sartzeko. Hala ere, Ertzaintzak berehala atxilotzeko agindua eman zezan eskatu zion epaileari. Hori dela eta, errigoitiarra bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen epaileak 2014ko azaroaren 25ean, kartzelan agertzeko hamar eguneko epea bertan behera utzita.
Ezkutatu egin zen Amezaga, eta atxilotu bitartean, hainbaten babesa jaso zuen gazteak. Herritar, abade, kazetari, irakasle, polizia eta zenbait udalek «bidegabekeria» salatu zuten, eta epaiketa politikoa zela iritzita, bertan behera uzteko eskatu zuten.
Aterki laranja bilakatu zen errigoitiarra babesteko mugimenduaren ikur. Ezkutuan egon zen hiru asteetan, «gizarte libre baten bizitzeko eta salbuespen egoeragaz bukatzeko nahia» zuten hainbat herritar batu ziren Gernika-Lumon.
Libre bizitzeko hautua eginda, 2014ko abenduaren 13an eta 14an agertu zen Amezaga, herritarren babesagaz. Bere atxiloketa saihesteko eta bera babestera etorritakoak hartu ahal izateko, Herri Librea dinamika ere hasi zuten. Abenduaren 15ean, eta asteburua igaro ondoren, Gernika-Lumoko merkatuan zegoela, kalez jantzitako poliziak gaztea atxilotzen saiatu ziren. Azkenena, istiluen aurkako polizien laguntza behar izan zuten. Amezaga babesten zeuden herritaren eta plazan zeuden lekukoen esanetan, «aspaldi ikusi gabeko bortizkeria erabiliz» atxilotu zuten.
Hiru hilabete egin zituen Amezagak Zaballako (Araba) espetxean, eta bi aste inguru Soto del Realen (Madril, Espainia). Gainontzeko zigorra Brievako espetxean bete du (Avila, Espainia).