Badator Eskola Bidean
Gaur egingo dute Eskola Bidean Eguna, jendaurrean proiektu horren berri emateko. Proba pilotua uztailaren 6an hasiko dute eta datorren ikasturtean ezartzeko asmoa agertu duteEskola Bidean Eguna egingo dute gaur, 17:00etatik aurrera, Pasealekuan. Ekital...
Gaur egingo dute Eskola Bidean Eguna, jendaurrean proiektu horren berri emateko. Proba pilotua uztailaren 6an hasiko dute eta datorren ikasturtean ezartzeko asmoa agertu dute
Eskola Bidean Eguna egingo dute gaur, 17:00etatik aurrera, Pasealekuan. Ekitaldi horren helburua Eskola Bidean proiektuaren berri ematea izango da; horretarako jolasak eta tailerrak egingo dituzte. Bertaratzen direnek datorren ikasturtean hasiko den ekimen horren zehaztasun guztiak izango dituzte.Umeak eskolara bakarrik, modu seguruan joan ahal izatea da ekimenaren helburua. Eta hori posible izateko, herriko ikastetxe denak, Gernika-Lumoko Udala eta Osasunsareak elkarlanean aritu dira.
Haurrek autonomia hartzea, ohitura osasuntsuak sustatzea, ingurumena zaintzea, herrialdea hobeto ezagutzea, umeek espazio publikoak bereganatzea eta eraldaketa sozialaren protagonista izatea dira egitasmoaren helburuak.
Horrela, 7 eta 8 urtetik gorako ikasleak haien kabuz joan ahal izango dira, lagunekin eta gurpil-aulkia, monopatina edo bizikleta erabiliz.
Egitasmo horren bitartez, herrian egon daitezkeen puntu beltzak ere identifikatu nahi izan dituzte, gazteen segurtasuna bermatzeko.
Egitasmoa guraso, ikasleen eta herritarren parte hartzeagaz egin da: bi herri batzar egin dituzte, denen iritzia eta proposamenak biltzeko.
Ekainaren 6tik 10era bitartean, egitasmo horren proba pilotua egingo dute. Egun horietan gurasoak joango dira haurrekin batera eskolara, egitasmoaren funtzionamendua frogatuz.
Eskola Bidean datorren 2016-2017 ikasturtean martxan jartzeko asmoa daukate, ikasleak beren kabuz eskolara joan daitezen.
Beste herri batzuetan antzeko egitasmoak egon arren, ikastetxeek burututakoak dira. Gernika-Lumokoak, aldiz, herri osoko ikastetxeak hartuko ditu.