161 ikaslek hartuko dute parte gaur egingo den bertso topaketan
Gaur egingo dute lehenengoz bertso topaketa Bermeon, Gu ere Bertsotan egitasmoaren barruan. Kafe Antzokian jarri dute hitzordua, 17:30ean.Hain zuzen ere, Bermeoko ikastetxeetako 161 bertsolaritza ikaslek parte hartuko dute ekitaldi honetan. Aipatu bert...
Hain zuzen ere, Bermeoko ikastetxeetako 161 bertsolaritza ikaslek parte hartuko dute ekitaldi honetan. Aipatu bertso topaketa Gu ere bertsotan proiektuan parte hartzen ari diren Eleizalde ikastolako, San Frantzisko Herri ikastetxeko eta Sagrado Corazon kastetxeko ikasleen kurtso amaierako jaialdia izango da.
Hala, gaur egingo den bertso topaketan ikasleek ikasturtean zehar ikasgelan landutakoa erakusteko aukera izango dutela azaldu du Gazteria Saileko zinegotzi Juan Karlos Agirrek. Izan ere, gazteek ikuskizun «polit» batean, bertso saioa eta kantaldia eskainiko dute, karaoke estiloa erabilita eta gitarragaz lagunduta.
Jakinarazi dutenez, bertso topaketaren gidoiak hiru osagai nagusi izango dituela: «bertsolaritza ikasleen parte hartze zuzena eta bertso saioa eta kantaldia, non ikasleek musikari baten laguntzagaz abestuko duten».
Ander Elortegi eta Eneko Arrate bertsolaritzako irakasleak aurkeztutako saioa izango da, eta Asier Galarza eta Koldo Gezuraga bertsolariek eta Lorea Zulaika musikariak parte hartuko dute.
Agirrek nabarmendu duenez, «giro polita izango dugu gure herriko ikasleek eskainiko duten bertso topaketan».
Gu ere bertsotan egitasmoa
Hirugarren urtez jarraian burutu da 2015/16 ikasturtean Gu ere Bertsotan egitasmoa.
Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak sustatutako egitasmoa da, eta Bizkaiko Bertsozale elkartearen eskutik bosgarren eta seigarren mailetako 161 ikaslek bertsolaritza landu dute ikasgeletan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, gainera, bat bateko talde bat egon da martxan, Eleizalde ikastolan.
Ahozkotasunetik abiatuta, hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak lantzen dituzte ikasleek Gu ere Bertsotan egitasmoaren bitartez.
Astero edo hamabostero, ordu batez, bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza jaso dute ikasleek eskola orduetan. Besteren artean, urtean zehar egiten diren jaialdietarako bertsoak prestatu, eta jendaurrean zelan egon eta zelan jokatu behar duten landu dituzte klaseetan.
Aurtengo ikasturtean Euskal Herriko 22.500 haurrek eta gaztetxok landu dute bertsolaritza ikastetxeetan, 44 irakaslerekin batera. Guztira 394 zentro hartu dute parte, bertsolaritza eskola orduetan lantzeko programa honetan.
Proiektuaren oinarri pedagogikoa Bertsolaritzaren Curriculuma Lehen Hezkuntza lanean biltzen da, eta Gu ere bertsotan bat eta bi liburuek osatzen dute ikasleek landu duten material didaktikoa.