Bizkaiko Dantzari Egunak 75 talde batuko ditu, Lekeitioko plazan
Herrian zehar kalejira egin ostean, Independentzia plazan dantzatuko dute taldeek. 11:30ean hasiko da dantza ekitaldia. Azoka egongo da, EskolapeanLekeitio prest dago domekan Bizkaiko Dantzari Eguna hartzeko. Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko arduradunek...
Herrian zehar kalejira egin ostean, Independentzia plazan dantzatuko dute taldeek. 11:30ean hasiko da dantza ekitaldia. Azoka egongo da, Eskolapean
Lekeitio prest dago domekan Bizkaiko Dantzari Eguna hartzeko. Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko arduradunek atzo aurkeztu zuten egitaraua, Bilbon. Koldo Goitia Lekeitioko alkatea eta Mertxe Arrizubieta zinegotzia ere ekitaldian egon ziren.3.000 dantzari baino gehiago batuko dira Lekeition. Guztira, Bizkaiko dantzarien jaialdian 75 taldek parte hartuko dutela jakitera eman dute antolatzaileek. Beraz, urtero modura, jai handi bat izatea espero dute.
11:00etan hasiko da jaialdia dantzari taldeen kalejiragaz. Dantzari guztiak Ateatik Independentzia plazara joango dira, batzuk Goiko kaletik eta besteak Eskolapetik igaroko direlarik, eta, ondoren, alardea egingo dute, plazan. Dantzari dantzak, Gipuzkoako Dantzak, Arku Dantza, Eltziegoko Dantzak, Gorulariak eta Kaixarranka dantzatuko dituzte, besteak beste, Larrain Dantzagaz amaitzeko.
Egun osoko jaia
Eguerdiko dantza ekitaldia dantzari egunaren muina bada ere, ekintza gehiagok osatuko dute domekako jaia. 11:00etan hasita folklore Azoka egongo da Eskolapean; horretaz gainera, postuak jarriko dituzte portuan, eta 16:30ean erromeria egongo da Luhartz taldeagaz, plazan.
Lekeitiora dantzariz betetako 114 autobus etorriko direla aurreikusten dute. Hori dela eta, dantzari eguna lasaitasun guztiagaz igaro ahal izateko, neurri bereziak hartuko ditu udalak.
Gaur hasita, esate baterako, utzik egon beharko da Arropain auzoko aparkalekua. Herriaren sarreran dagoen aparkaleku hori autobusentzat gordeko dutela jakitera eman du alkateak. Autobusak aparkatuko dituzte bai eta ere osasun etxearen aurrean eta eskola publikoaren inguruetan.
Dantzariak ikusi eta jaiaz gozatzera joango direnek, bestalde, Ispasterrera bidean dagoen sarreran aurkitzen diren aparkalekuetara bideratuko dituzte. Inguru horretan dauden Zatika eta Gardatako Bizkaibus geralekuak ere kendu egingo dituzte. Horrez gain, Artadi mahastia ere aparkaleku modura erabiliko dela zehaztu du Lekeitioko alkateak. «60 bolondres, ertzainak eta udaltzaingoa ibiliko dira zirkulazio guztia bideratzen».
Eskolapea ere, ordu erdiz itxita egongo dela jakitera eman dute. «3.000 dantzari joango dira Ateatik plazara, eta kalejirak irauten duen bitartean errepidea moztuta egongo da».
Moila, portua eta gasolindegi ingurua ere auto barik egongo dira asteburuan. «Portutik kenduko dira autoak, eta zirkulazioari itxita egongo da».