Busturialdeko Eskola Txikien jaia hartu du gaur Eak. Natxituko Haizeder Busturiko Uzelai, Gautegiz-Arteagako Montorre, Muxikako Urretxindorra eta Mundakako eskoletako neska-mutilak goizean goizetik ari dira ospatzen haien egun handia.
2 urtetik 12 urtera arteko 420 ikasle inguru batu dira Eako herrigunean. Jai giroa da nagusi, eta udalerriko astegunetako ohiko lasaitasuna eten dute eskola umeen dantza, kantu, oihu eta barre algarek.
10ak aldera elkartu, eta talde argazkia atera ondoren kalejira egin dute Ibarrangeluko dultzaineroek lagunduta.
Jarraian, hamaiketakoa jan, eta emanaldia prestatzeko entseguetan aritu dira.
Eguerdian, frontoian elkartu eta dantza emanaldia eskaini dute, zikloka banatuta. Haur Hezkuntzako 2 eta 3 urteko umeak izan dira lehenak. Musika tresnak abestiagaz ireki dute saioa 90 haurrek.
Ondoren, 4 eta 5 urte bitartekoek Euri tanta banintz kanta antzeztu eta dantzatu dute. Adin tarte horretako ikasleen taldea izan da handiena, 100 bat neska-mutil bildu baitira.
Txikienen ostean, Lehen Hezkuntzako ikasleen txanda izan da. Eskuetan kanta abestu eta dantzatu dute 1. eta 2. mailetako 80 ikasle inguruk. Horiek amaituta, 3. eta 4. mailako 90 bat eskola umek Guillermo Tell dantzatu dute. Azkenik, nagusienek Animals abesti ezagunaren erritmo biziekin egin dute dantza. 5. eta 6. mailako ia 60 ikasle batu dira.
Denak ere dotore aritu dira, artista handiak eginda daudela erakutsiz. Batzuk lotsatiago, beste batzuk lotsagabeago, baina, denak ere pozik ibili dira, elkarrekin hara eta hona, primeran pasatuz.
Emanaldia amaituta, taldetan banatu, eta jolasten ibili dira. Eguraldia lagun, txikienak hondartzan jolastu dute, beste batzuk frontoian aritu dira herri kiroletan trebatzen, eta nagusienek aparkalekuan egin dituzte jolasak.
Bazkaldu ere taldetan banatuta egingo dute, eta 15:00ak aldera elkartuko dira jaiari amaiera emateko. Egun honetarako beren beregi prestatu duten abanera abestuta agurtuko dira.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.