Elkar Fundazioaren Joseba Jaka literatur beka jaso du idazle bermeotarrak. Bere lana osatzeko, 10.000 euroko laguntza jasoko du, eta urtebeteko epea izango du proiektua amaitzeko.
Joseba Jaka literatur beka jaso berri duzu. Espero al zenuen?
Egia esan ez, ez nuen espero. Jende asko aurkeztu zela esan zidaten, eta nik ez nuen nire proiektua sariketa baterako erakargarriegi ikusten. Baina azkenean eman egin didate, eta pozarren nago, sinistu ezinik.
Argazkilaria: Elkar
Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama proiektuagatik eman dizute beka. Bideratuta daukazun proiektua al da? Ala asko falta zaizu?
Nobela osoa idatzita daukat, baina nie buruan. Orain, paper zuri baten aurrean jarri, ikara gainditu eta idaztea besterik ez zait falta. Gainera, sariketara bidali nuen lagina (lehenengo 25 orriak) baino gehiago neukan idatzita, eta sariketara aurkeztu ondoren ere, idazten jarraitu dut. Baina esan dezaket, oraingoan bai, lasai aritu naizela idazten; hasieran, behintzat. Orain, sariak edo bekak eman didan indarragatik edo ilusioagatik izan daiteke, baina, gelditu barik nabil idazten. Eta burua esaldiz eta berbaz beteta daukat, eta horiek nonahi idazten ditut: esku-zapietan, komuneko paperean, agendan, libururen batean… Orain guzti horiek bilatu, eta koaderno batean apuntatu behar ditut.
Aurreko bi eleberrien ildo beretik al doa proiektu hau? Edo, ez bada, zertan bereizten da?
Estilo, tonu eta teknika aldetik nahiko antzekoa izango da eleberri hau. Baina badu zerbait, nire uste apalean, besteek ez daukatena: heldutasun eta distantzia gehiago. Urrunago geratu diren gauzei buruz egiten dut berba, urruntasunetik, superaziotik.
Saria ematerakoan sentimenduak eta kezka intimoak gorpuzteko gaitasuna erakutsi duzula adierazi du epaimahaiak. Hala dela uste al duzu?
Ni ez naiz aditua literaturan, eta are gutxiago, nire literaturan. Intuizioari jarraituz idazten dut, pentsatu barik. Baina bai, uste dut esaldi potolo hori polita dela nik idatzi dudan hori deskribatzeko.
Urte bat daukazu proiektua amaitzeko. Denbora nahikoa al da?
Nire burua ezagututa, denbora soberan izango dudala uste dut. Idazten hasi eta gelditu ezinik egongo naiz. Hasierako lasaitasun hori apurtu eta konpultsiboki eta pasionalki idazteko gogo izugarria daukat.
Urtea eleberri honekin buru belarri emango al duzu, edo tarterik izango duzu beste zerbait ere bideratzeko? Baduzu beste zerbait esku artean?
Beste hainbat gauza dauzkat esku artean. Musika, alde batetik; eta poesiazko proiektu bat, bestetik. Umeentzako ere idatzi gura dut. Beka honek, gainera, hori guztia eta gehiago egiteko denbora eta dirua ematen dit. Aukera paregabea da, urte bete neure gauzei eskaintzeko.
Maiatzaren 5ean, berriz, Zilarrezko Euskadi Saria ere jasoko duzu. Albiste on batetik bestera zoaz. Lanean jarraitzeko indarrak ematen al dizute?
Bai, egia da, holakoek beti ematen dizutela indar gehiago. Baina ezin dut gezurrik esan: sari horiek barik ere, idazten jarraituko nuen, beti bezala; idaztea baita, arnasa hartzeko daukadan nire modua.