Gerrarik ez-Ongi etorri errefuxiatuak plataformako kideak Astran. Argazkia Jokin Alberdi.
Gerratik ihesean Europan sakabanatuta dauden errefuxiatuei laguntzeko, eta hauek jasotako tratuak ikustarazteko, Gernikako zenbait elkarte informazioa emateko jardunaldiak ari dira antolatzen.
Ekimen honetako eskualdeko zenbait elkargo batu dira Gerrarik ez-Ongi etorri Errefuxiatuak plataforma sortzeko eta gerratik ihesi doazen pertsonei laguntza bateratua emateko Busturialdetik. Plataforma honetan Bat ez da Gitxi, Ideasur, Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundura batu dira.
Hauen asmoa Frantziako iparraldean, Calais herrian Jungla kanpalekuan dauden errefuxiatuei laguntzeko diru-bilketa egitea da. «Gure hasierako asmoa kanpalekuko milaka pertsonentzat etxetxoak eraikitzeko kontainerrak erostea zen, han den L`auberge des Migrants elkarterekin batera», azaldu du Gernikatik Mundura elkarteko Jokin Alberdik.
«Siriatik eta beste herrialde batzuetatik datozen errefuxiatuei laguntzeko modu asko daude, baina guk hau aukeratu dugu, lotsagarria delako Frantziaren erdian horrelako drama humanitario bat egotea», salatu du Alberdik.
Bertan dauden iheslari gehienek Erresuma Batura zeharkatzeko asmoa daukate, baina oraingoz milaka pertsona dira negu gorria kanpaleku inprobisatuetan pasatzen ari direnak.
Frantziako gobernuak bere aldetik kanpamendua husteko lanei ekin diola jakinik, plataformatik babesgabe geldituko diren milaka pertsona hauei laguntzeko kanpainan parte hartzeko deia mantenduko dutela adierazi dute.
Siriatik eta Ekialde Hurbiletik datozen errefuxiatuentzat ekarpenak egin nahi izanez gero Gernikatik Mundura gobernuz kanpoko erakundeak honako kontu korronte hau jarri du: ES53 2095 0315 8091 0126 2798. Izen-abizenak eta NAN/NIF adierazi behar dira ekarpena egiterakoan.