Beste urte batez,
Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko da hainbat eta hainbat herritan, martxoaren 8an, bihar. Busturialdeak egun horregaz bat egingo du, eta egun horretan zein aurreko eta osteko egunetan ere,
hainbat jarduera egingo dituzte, aldarrikapenak tarteko.
Busturian, Bermeon, Muxikan, Gernika-Lumon eta Morgan asteburuan hasi dira ospakizunekin. Morgan, esaterako,
frontoi berritua inauguratu zuten eta berdintasunaren aldarrikapena egin zuten.
Bermeon, barikuan, batetik, Sareginek Bermeoko Feministen Sareak antolatuta, Lakrikun taldearen
Non gaude? antzezlana egon zen. Bestetik, Erroxape Emakumeen elkarteak antolatutako erakusketak ateak ireki zituen. Nestor Basterretxea aretoan ikusgai jarri dituzte elkarteak antolatzen dituen ikastaroetan egiten dituzten lanak. Martxoaren 13ra bitartean bisitatu ahalko da erakusketa, 19:00etatik 21:00etara. Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek eta Benito Ibarrolaza alkateordeak parte hartu zuten inaugurazio ekitaldian.
Erroxape elkarteko kideak, alkatea eta alkateordea, erakusketaren inaugurazioan.
Busturian ere, Laia Eztabaida Taldeak antolatuta,
Golpe de estado, de genero y clase hitzaldia eskaini zuen barikuan Nekane Juradok. Zapatuan, berriz, Saturrarango espetxean preso izandako emakumeei buruzko
Izarren argia filma jarri zuten ikusgai.
Muxikako andreen ekitaldia
Muxikako andreek, bestalde, emanaldi berezia egin zuten atzo, Ariatza auzoko elizan. Emakumeen eskubideen defentsan lan egin duten emakumeak, eta zein bere alorrean esanguratsuak izan diren edota historia egin duten emakumeen errepasoa egin zuten
Ahaztutako andrak gogoratuz antzerkian.
Ekitaldian, emakumeentzako giza eskubideak lortzeko egindako borroka gogora ekarri zuten. Martxoaren 8a emakume langilearen eguna izendatzearen zergatia azaldu zuten, eta besteak beste, Kathrine Switzer maratoi bat korritu zuen lehen emakumea, Marie Curie nobel saria irabazi zuen lehen emakumea edota Kristina Mardaras bertso txapelketa batera aurkeztu zen lehen emakumea aitatu zituzten.
Clara Campoamor eta Dolores Ibarruri-ren paperean ere jarri ziren une batez. Eta horiez gain, Clara Lemlich, Sara Attar, Elbira Zipitria, Emakume Abertzale Batza, edota Maialen Lujanbio ere izan zituzten gogoan. Hain zuzen ere, 2009an Lujanbiok Euskal Herriko txapela jantzi ostean finalean botatako agurragaz amaitu zuten emanaldia.
Gernika-Lumon ere hitzaldia izan zuten barikuan, Asunek talde feministak antolatuta. Euskal Herria Museoan ere, ipuin kontaketa saioa egin zuten atzo.
Biharko eta astebururako ere, ekitaldi ugari antolatu dituzte bertoko herri askotan:
Ajangiz
Martxoak 8, martitzena. 18:30ean, argazkia. Ostean, txokolate jana (bakoitzak ahal duena eramateko deia egin dute).
Arratzu
Martxoak 11, barikua. 19:00etan, bertso saioa, Loiolan. Bertsolariak: Alaia Martin, Oihanar Bartra eta Maddalen Arzallus. Gai jartzailea: Amaia Uribe.
Bermeo
Erroxape Emakumeen Elkartearen egitaraua:
Martxoak 8, martitzena.
– 12:00etan, Santa Eufemia elizan, hildako bazkideen aldeko ohiko meza.
– 19:00etan, txokolate jana txurroekin, Erroxaperen elkartean.
Martxoak 11, barikua.
– 19:00etan, Andrazkoen nekazaritza eremua mahai ingurua, Leticia Urretabizkaiak zuzenduta.
– Ostean, 2016ko kontakizun laburren sariketako epaia eta sari banaketa.
Martxoak 12, zapatua. 15:00etan, senidetasun bazkaria, Bermeoko Kafe Antzokian. Maribel Salas umoristaren saioa ere egongo da. Bihar da bazkarirako izena emateko azken eguna.
Sareginek Bermeoko feministen sarie-n egitaraua:
Martxoak 8, martitzena. 20:00etan, elkarretaratzea, Lamerako harrizko bankuaren aurrean. Feminitatea eta maskulinitatea nola eraikitzen diren eta horiek gure gain dituen ondorioez hausnartzera gonbidatu ditu Sareginek sareak.
Busturia
Martxoak 10, eguena. 19:00etan, Emakumea eta kirola hitzaldia, Altamirako Kultur Etxean. Hizlaria: Oihana Kortazar. Ondoren, txokolate jana parte hartzaileentzat.
Ea
Martxoak 8, martitzena. 20:00etan, elkarretaratzea, plazan.
Martxoak 12, zapatua. 20:00etan solasaldia. 21:30ean, afaria Bodegoian.
Ereño
Martxoak 8, martitzena. 17:00etan, briska txapelketa jokatuko dute herriko emakumeek, Ereñozar tabernan. Ostean, askaria tabernan bertan.
Forua
Martxoak 8, martitzena. 19:00etan, Muxikako emakumeen Gure etxe bakarra antzezlana, San Martin elizan. Sarrera 3 eurotan salgai; aurretiaz udaletxean edota kultur etxean, edo egunean bertan, elizan.
Martxoak 12, zapatua. Gasteizera irteera. 10:30ean udaletxe aurretik aterako dira. Izen ematea, kultur etxean.
Gernika-Lumo
Martxoak 8, martitzena.
– Egun guztian, Euskal Herria Museora doazen emakumeentzat sarrera doan eta oparia.
– 18:30ean, Las pelotaris dokumentalaren aurkezpena, Euskal Herria museoan. Sarrera: doan.
– 19:30ean, Emakume langilearen eguneko manifestazioa eta ekitaldia, Merkurion. Asunek talde feministak antolatuta.
Martxoak 10, eguena. 18:30ean, En tierra de hombres filma, Maria Agirre aretoan. Ideasur Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatuta. Doan.
Martxoak 12, zapatua.
– 12:00etan, Astran, Zapatismoaren ekarpenak borroka feministara: Begirada deskolonial bat, Sylvia Marcosen eskutik. Asunek Talde Feministak antolatuta.
– 19:00etan, Un sorbito de amistad antzezlana, Elai Alai aretoan. Xankore Taldeak antolatuta.
Martxoaren 3tik 18ra.
– Gernikar Emakumeak XX. Mendean: ahotsak eta bizipenak. Emakumeen historia eta sinbologia erakusketa. 09:00etatik 21:00etara, Elai Alai aretoko erakusgelan. Gernikako Bakearen Museoa Fundazioak eta Berdintasunerako Udal Zerbitzuak antolatuta.
Martxoak 23, eguaztena. 19:00etan, Astran, Historiatik ikasten feminismoa zehazteko. Asunek Talde Feministak antolatuta.
Apirilak 2, zapatua. Egun Morie: asanblada, bazkaria, dantzak, kantak, Zwekere, Euskabareta, DJ Gure Besta… Herrian zehar eta Astran.
Ibarrangelu
Martxoak 8, martitzena. 17:30ean, txokolate jana Txui-ren tabernan. Izena ematea tabernan bertan edo kultur etxean.
Mendata
Martxoak 12, zapatua. 14:30ean, emakumeen bazkaria, Elexalde auzoko Artape tabernan. Izena ematea: martxoaren 10a baino lehen, Idatze Etxean, astelehenetik domekara, 10:00etatik 14:00etara (94-625 72 04) edota Artape Tabernan (94- 625 13 79). Udalak oparitxo bat egingo die emakumeei.
Murueta
Martxoak 13, domeka. 14:30ean, bazkaria herriko emakumeentzat, Kamiñoko jatetxean. Ostean, udalak oparitxo bat emango die. Jarraian, auzotar batek herriko emakumeei buruz egindako bideo dokumentalaren lehen zatia proiektatuko dute.
Muxika
Martxoak 13, domeka. 14:00etan, herri bazkaria, Remenetxe jatetxean. Ondoren, erromeria einGO taldeagaz. Bazkarirako txartelak liburutegian erosi behar dira: Muxikan erroldatutakoek 20 euro; ez erroldatutakoek 40 euro. Txartelak erosteko azken eguna: martxoaren 7a.