Azken hilabeteetako etenaren ostean,
hilaren 26an hasiko dira berriro lanean Autzaganen. Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapenerako diputatuak azaldu legez,
bi urteko epean obrak guztiz amaituta egotea aurreikusten du Bizkaiko Foru Aldundiak. Urdinbideko tuneletan bildu dituzte komunikabideak, obrei buruzko azalpenak emateko. Miguel Gil obra zuzendariak esan legez, Urdinbideko tunelen aurrerapen fasearen %88 egina dago, eta tubo bakoitzean
63 metro falta dira hondeatzeko.
Tunel bakoitzean 63 metro falta dira hondeatzeko
Autzaganeko mendatean dauden
akuiferoak zaintzeari garrantzia eman diote obrak egiterakoan. Gilen esanetan, 70 metroko akuiferoa dute gainean Urdinbideko tunelek; horregatik, segurtasuna ere bermatu beharra dagoela esan du. Horretarako, porlana eta betoia erabili dutela azaldu du Gilek, tunelak uraren presioarengandik babesteko, eta, hartara, ura iragaztea ere saihestuko dutela.
Beraz, hondeatze lanak egiteko
akuiferoak sor zitzakeen trabak gainditu dituztela azaldu du Ekonomia eta Lurralde Garapenerako diputatuak; «lanak moteldu ditu, baina tunelak amaitzea denbora kontua da, teknikoki ez baitago arazorik», aipatu du.
Bide segurtasuna hobetu
Urdinbideko tunelak amaitu bitartean, gainera, Autzaganeko
mendatean bide segurtasuna hobetzeko neurriak hartuko dituztela esan du diputatuak. Hain zuzen,
asfaltatze lanak egingo dituzte, zorua hobetzeko. Horrez gain,
Gorozikako bihurguneak goratuko dituztela azaldu du.
Hobekuntza horiek egiteko lanen esleipena 526.000 euroan zehaztu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak.
Aurrekontua
Pradalesek urtarrilean eman zuen Autzaganeko Urdinbide tunela amaitzeko lanen esleipenaren berri. Zehaztu zuenez, BEZ kontuan hartu barik, Bizkaiko Foru Aldundiak 20.343.349,63 euroan esleitu ditu orain lanak, lizitazio aurrekontuan zehaztutakoa baino %7 gutxiagotan.
Lan horien ardura zeukan Aldi Baterako Enpresen Elkarteak (ABEE) bertan behera utzi zituen lanak iazko abuztuan, kostuei aurre egin ezinik. Sacyr, Mariezcurrena, Bycam, Viconsa, Cavosa, Zubieder eta Febide enpresek sortu zuten ABEEk 53 milioi eurogatik hartu zuen obren esleipena, baina lanak 70 milioi eurogatik lizitatu zituen Bizkaiko Foru Aldundiak.
«ABEE zigortzeko nahikoa arrazoi» zeudela iritzita, gerora 4,2 milioi euroko isuna jarri zion aldundiak; hain zuzen, kontratuko hiru klausula ez betetzeagatik. Pradalesen esanetan, epe osoa ez betetzea, epe partzialak ez betetzea eta obra zuzendaritzaren aginduak ez betetzea dira ABEEk urratu zituen klausulak.
Abuztura arte obren ardura zuen ABEEak lanak bertan behera utzi izanak Urdinbideko tunelen obrak atzeratzea ekarri du. Hala ere,
gastua handituko denik ukatu egin du Ekonomia eta Lurralde Garapenerako diputatuak. Esan duzenez, Bizkaiko Foru Aldundiak hasiera batean zehaztutako diru kopuruaren barruan –70,3 milioi euro– egingo dituzte Autzaganeko obrak.