Haurren Gernika diseinatzea, herria umeentzako ere izatea… Helburu horrekin batuko dira bariku honetan, 17:30ean, Astran. Horretarako, dagoeneko lanean ari diren taldeak deitu ditu AstraTxikik, nork bere esperientzia azaltzeko eta elkarren berri izateko. Haurren Gernika diseinatzerako orduan, orain arte lanean ibili direnen ekarpenak eta hausnarketak batzea interesgarri ikusi dute. AstraTxiki bera ez ezik, guraso taldeak batzen dituen Zirrinta, bere sasoian ikastetxe denetako guraso elkarteak batzen zituen Alkarregaz, Eskola Bidea, Pasealekuko parte hartze prozesuan sortu zen haurren tailerra, Lurgorri auzo kultur elkartea, Guraso elkarteak, Etxeko lanen gogoeta egiten duen Institutuko guraso taldea eta Lagundu nire kabuz egiten bloga. Horiek batu, eta bakoitzak bere esperientzia azalduko du.
Proeiktu desberdinak dira, baina arlo ezberdinak batu gura izan dituztela azaldu dute bultzatzaileek: pedagogia, haur hezkuntza, hirigintza… Aritz Aramaio, Zihara Enbeita eta Andrea Aiapek azaldu dituzte Haurren Gernika nola ikusten duten. “Haurren Gernika entzutendenean argi utzi behar da ez dela umeentzako herria bakarrik”, diote. Enbeitak azaldu legez, “Hiriak gizonezkoen beharren arabera sortu dira, beste denak kanpo geratu gara: zaharrak, umeak, emakumeak…”. Horientzat leku itxiak diseinatu dituztela diote: zaharretxeak, jolas parke itxiak… Horri guzti horri buelta eman gura diote Haurren Gernikarekin; izan ere, diotenez, zerbait haurrentzako ona denean, denentzako izan ohi da ona.
Haurren hiria egi bihurtzeko lan handia egin behar dela aitortu dute. “Bide luzea da aurretik daukaguna, baina pausoak ematen hastea da asmoa” – diote–; “presarik ez dugu, baina gaia mahai gainean jarri nahi dugu, jendeak bisualizatzeko”. Eta umeen hiriaren ikuspuntu hori herritar denek barneratzea garrantzitsua dela diote bultzatzaileek: “Umeak eduki arte askotan ez gara kontziente hiriak dituen irisgarritasun arazoekin. Esaterako, kiroldegira joan eta ez gara ohartzen pertxak ez daudela umeen eskura, ezta eskuak garbitzeko lababoak ere. Ez gara kontziente ile-lehorgailuak ere ez daudela beraien neurrira”. Gauza txikiak dira, baina, kontuan hartu beharrekoak direla diote. Zerbitzu hoiek leku publikoetan ematen direla azpimaarratu dute, eta, beraz, administrazioen inplikazioa ere beharrezkoa dela. “Udal arduradunek erabakitzen dute zer nolako hiria nahi duten; edadez nagusiak garenok badugu gure proposamenak eta gure ikuspuntua emateko aukera. Beraz, zergatik ez eman aukera hori umeei ere?”. Diotenez, beraien iritzia ez da kontuan hartzen, “iritzia emateko gai ez balira legez”. Hala ere, umeek erabakitzeko gaitasun eta konpetentzia asko dituztela azaldu dute; beraz, hiriaren barruan ere parte hartzeko gaitasuna badutela. “Parte hartze prozesu bat bultzatu beharko litzateke, umeak ere kontuan hartzeko eta ez daitezen pertsona pasiboak izan”.
Bide horretan, ume eta gazteen iritziak batzea garrantzitsua deritze; “baina, batez ere, 7 eta 13 urte bitartekoen ekarpena somatzen dugu faltan”. Adin tarte hori da, esaterako, Astrak biltzen ez duena. “Ume txikiak eta gazteak batzen dira Astran, batik bat”. Baina kanpoan geratzen den adin tarte hori oso interesgarria dela diote: “Hausnartzeko gaitasuna duen talde bat da, eta badakite zer behar duten edo zer duten faltan”. Horregatik, umeen aportazioak bideratzeko tresnak aldarrikatzen dituzte, eta, beraien ustetan, eskolek ere lan horretan asko lagundu dezakete.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.