Fiskalak 95 urteko zigorra eskatuko du Eneko Goieaskoetxearentzat
Gaur epaituko dute busturiarra, zortzi delitu eta koroaren aurkako bederatzigarren bat leporatuta. Autobus bete senide eta lagun joan da Madrilera, babesa emateraEneko Goieaskoetxea epaituko dute gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean, besteak beste, 199...
Gaur epaituko dute busturiarra, zortzi delitu eta koroaren aurkako bederatzigarren bat leporatuta. Autobus bete senide eta lagun joan da Madrilera, babesa ematera
Eneko Goieaskoetxea epaituko dute gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean, besteak beste, 1997ko urrian ertzain bat hiltzea leporatuta. Akusazioaren arabera, Bilboko Guggenheim Museoaren inaugurazioan Espainiako erregea hiltzeko agindua eman zuen ETAk, eta, horrenbestez, koroaren aurkako delitua ere egotzi diote busturiarrari. Fiskalak 95 kartzela zigorra eskatuko du harentzat.Zehatz esateko, koroaren aurkakoaz gain, zortzi delitu leporatzen dizkiote Goieaskoetxeari. Ustez ertzaina hil izanagatik 30 urteko zigorra eskatuko du fiskalak, eta 19 urtekoa koroaren aurkakoagatik. Horrez gain, ertzainaren alargunari 500.000 euroko kalte-ordaina ordain diezaion eskatuko du, eta 122.000 euroko beste bat ihes egiteko erabilitako autoaren jabearentzako.
Akusazioaren arabera, Bilboko Guggenheim museoaren inaugurazioa aprobetxatuta, 1997ko urriaren 18an Espainiako erregea hiltzea zeukan ETA erakundeak helburu. Kepa Arronategi gernikarragaz batera, Goieaskoetxea Katu komandoko kide zela dio fiskalak, eta museoaren aurrekaldean hiru jardineratan jarritako lehergailuak zartarazteko asmoa zeukatela. Jardinera horiek furgoneta batetik ateratzen ari zirenean, ertzain bi hurreratu zitzaizkiela, eta Goieaskoetxeak haietako baten aurka tiro egin zuela dio fiskalak, baita ostean biek ihes egin zutela ere. Hori horrela, Kepa Arronategi ere eramango dute gaur Auzitegi Nazionalera, deklarazioa hartzeko.
Goieaskoetxearen eta Arronategiren senideak eta lagunak Madrilen dira gaur, bi presoei babesa erakusteko elkartasun bidaia antolatu baitute. Hain zuzen, autobus bete joan da Espainiako hiriburura.
Cambridgen atxilotua
2011n atxilotu zuten Goieaskoetxea, Cambridgen (Erresuma Batua), han bizi baitzen azken urteetan, izen faltsuarekin eta familiarekin. Espainiak busturiarra estraditatzeko eskaera egin zuen, eta, helegiteak jarri zituen arren, Londresko Auzitegi Gorenak atzera bota zuen jarritako azkena. 2012ko uztailean Espainiaratu zuten.