Itsas denboraleak Bermeoko olatu-horma apurtu du berriro
Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, olatu-hormaren 30 metro inguru apurtu dituzte olatuek. Mutrikun, aldiz, dikearen zati bat apurtu dute olatu handiekAtzo goizaldeko itsas denboraleak kalteak eragin ditu hainbat herritan, eta handienak Bermeon utzi dit...
Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, olatu-hormaren 30 metro inguru apurtu dituzte olatuek. Mutrikun, aldiz, dikearen zati bat apurtu dute olatu handiek
Atzo goizaldeko itsas denboraleak kalteak eragin ditu hainbat herritan, eta handienak Bermeon utzi ditu. Benito Ibarrolaza Bermeoko Zerbitzu arloko zinegotziak azaldu duenez, olatu-hormaren 30 metro inguru apurtu dituzte olatuek, eta, beste hamar metroko tartean, harrizko blokeak mugitu. Ondorioz, Portu Zaharrean gainezka egin du urak.Horrez gain, olatu-horma inguruan zeuden lau itsasontzi hondoratu egin dira, eta Olatua eskulturaren ondoko aparkalekuko zorua altxatu egin da. Itsas-murruaren ondoko arraunerako pantalana ere apurtu dute olatuek, eta baita barandak, bi flotagailu, zementuko arrapala, hainbat kutxatila-tapa, kirol-pantalanetako hiru finger… Portu komertzialeko enpresetan ere urak gainezka egin du, eta inguru horretako behegaina altxatu egin du itsasoak.
Kalteak kalte, ondorioak ez dira 2014ko denboraleak sortutakoak bezain larriak izan. Izan ere, taberna eta denda batzutara ura sartu da, baina Frantxuetako dikeak eutsi egin du, eta, beraz, arrantzaleen lonjetara ez da urik sartu.
Ondarroa izan da denboraleak gogor kolpatu duen kostako beste herri bat. Artibai ibaian gora egin dute olatuek, eta jolastontzietan kalteak eragin dituzte, horietako bat hondoratzeraino. Halaber, portuko karro inguruko eraikinaren teilatua ere txikitu egin dute olatu handiek, eta aurrean pilatutako hondakinak eroan. Ontziak lotzeko txikotak apurtu ditu denboraleak, eta urak portu erdia hartu zuen.
Olatuek, gainera, Artibain gora hainbat kalte eragin dituzte; besteak beste, Gaztetxean ere ura sartu da, eta baita ere Artibai kaleko taberna batean ere. Atzo goizaldeko 03:00etatik aurrera, portuko behargin asko eta asko lanean zeuden.
Lekeition ere gainezka egin du itsasoak. Portua zein hondartza ingurua urez bete, eta zenbait lokaletaraino ere heldu da ura. Horrez gain, espaloiak eta murruak hautsi ditu.
Ean ura errekatik gora
Busturialdeko eta Lea-Artibaiko beste hainbat herritan ere izan du eragina denboraleak. Elantxoben, esaterako, kalteak izan dira aterpetxean. Udal arduradunek azaldu dutenez, teila batzuk eta teilatu-hodia apurtu dituzte olatuek. Horrez gain, arraun elkartearen egoitzako horma zati bat ere hautsi du itsasoak, eta ura sartu da barrura. Elkartearen ondoan dauden komun publikoetan ere kalteak izan dira. Ibarrangelun, bestalde, baranda bat apurtu du uraren indarrak, Laida hondartzan.
Ean ere kalte materialak izan dira. Izan ere, itsasoak herriko errekan eta kaleetan gora egin du, eta harez bete ditu bazter guztiak. Iratxe Arriola alkateak zehaztu duenez, hondartza bazterreko baranda bat, umeen jolastokiko itsasontzi bat eta errekara ematen duen ate bat apurtu du itsaso zakarrak. Horrez gain, erreka inguruko etxebizitzetako beheko aldeetara eta bodegetara ura sartu da. Arriolak esan duenez, goiz guztia eman dute udaletxeko beharginek harea batu eta errekara bueltatzen, eta baita apurtutako gauzak erretiratzen ere.
Gaur bareago
Mutrikun ere eragina izan du itsaso handiak. Besteak beste, olatuek dikearen harrizko hormaren zati bat hautsi dute, eta beste hainbat kalte eragin. Dikera doan pasealekuko lurreko baldosa ugari bere tokitik atera ditu urak, eta olatuen indarrak behengainea ere zartatu du hainbat tokitan. Portu inguruaz gain, Saturraran hondartzan ere beste hainbat kalte izan dira, eta tabernara ura sartu da. Itsasgoran izan zitezkeen kalteak ekiditzeko, hainbat gune itxi egin zituzten atzo arratsaldean.
Sukarrietan ere igarri dute denboralea. Abiña auzoan hare asko sartu da, eta bidea itxi behar izan zuten. Toñako etorbidean, bestetik, lurrean jarrita zituzten taulak altxatu egin dira.
Mundakan, bestalde, ez du ondorio larririk utzi itsas denboraleak. Aitor Egurrola alkateak esan duenez, «zorionez, ez da aparteko kalterik izan».
Gaur gutxituz joango da olatuen indarra, baina datozen egunetan mendebaldeko haizeak indartsu jarraituko duela iragarri dute.