Otsailaren 11n egingo dute HAZILAN programaren informazio saioa, Bermeon
Busturialdean erroldatutako 20 eta 35 urte bitarteko gazteek eskualdeko enpresetan praktikak egiteko aukera ematen duen programa da HAZILAN. Hain justu, bertan parte hartzen dutenek otsailaren 29an hasiko dituzte praktikak eta maiatza eta ekaina bitartean bukatu. Hala ere, praktikak hasi orduko, informazio saioa egingo dutela jakitera eman dute, “programa ezagutzera emate aldera”.
Hala, otsailaren 11n, eguenan, 11:00etan egon beharko dute Bermeoaldeko Behargintza Zentroan (Zubiaur tar Kepa, 26-28, 1. solairua, Bermeo) interesatuek.
Bermeoko GIZek gogoratu duenez, eskualdeko gazte langabetuak izango dira programa horren onuradunak, eta, gehienez, 30 lagunek parte hartu ahalko dute.
Bi fasetan banatuko dute programa; batetik, Aktibatu deritzona landuko dute: alegia, enpresek gehien eskatzen dituzten gaitasun pertsonalak eta profesionalak zeintzuk diren ezagutu ahalko dituzte. Bestetik, Kokatu fasea abiaraziko dute, hiru eta sei hilabete bitarteko praktikak eginez eskualdeko enpresetan.
Informazio gehiago nahi duenak Bermeoaldeko Behargintzara jo beharko du.