Fibrosi kistikoa dutenen alde egindako lanagatik saria jaso du Ondarroak
Euskadiko Fibrosi Kistikoaren elkarteak mota honetako aitorpena egiten duten lehen aldia da. Noemi Uribe eta Aitzol Etxaniz ndarroako Arnasako kideek pozik jaso dute berriaEuskadiko Fibrosi Kistikoaren elkarteko zuzendaritzak jakitera eman duenez, Onda...
Euskadiko Fibrosi Kistikoaren elkarteak mota honetako aitorpena egiten duten lehen aldia da. Noemi Uribe eta Aitzol Etxaniz ndarroako Arnasako kideek pozik jaso dute berria
Euskadiko Fibrosi Kistikoaren elkarteko zuzendaritzak jakitera eman duenez, Ondarroako herria saritzea erabaki dute, «fibrosi kistikoa dutenen etorkizun oparoago bat lortzeko borrokan emandako etengabeko babesagatik».Elkarteak, gutun baten bidez sariaren berri eman dio Ondarroako Udalari. Sariak, hain zuzen ere, gaixotasuna dutenen eskubideen defentsan, zabalkundean eta babesean laguntzen duten pertsona edota erakundeen lana ezagutzera ematea aitortzen ditu. Elkarteak mota honetako aitorpena egiten duten lehen aldia da, eta horretarako egokiena Ondarroa iruditu zaie.
Oso positiboa
Noemi Uribe eta Aitzol Etxaniz Arnasa elkarteko kideak pozik jaso dute berria. Uribek HITZAri azaldu ahal izan duenez, azarotik zekiten sariaren berri. «Azaroan urtero egiten dugun biltzarra ospatu genuen Gurutzetako ospitalean, eta amaieran, presidenteak nabarmendu zuen hemendik aurrera elkartea sariak banatzen hasiko zela. Duda barik, lehen saria Ondarroari eman behar zitzaiola adierazi zuen presidenteak, eta gu zeharo harrituta geratu ginen».
Mota honetako sariak banatzea oso positibotzat jo du Uribek. «Horrelako ekimenek aurrera jarraitzeko indarra ematen digute, eta egiten ari garen ahaleginak ere aitortzen ditu. Egia esan, herrian egin ditugun ekimen guztietan herritarrengandik beti oso erantzun ona jaso dugu».
Herritarrak beti laguntzeko prest agertu direla ere nabarmendu du Uribek. Fibrosi Kistikoaren Nazioarteko Egunean, esaterako, Arnasa elkarteko kamisetagaz argazkiak bidaltzeko eskatu zuten, eta argazki asko jaso zituztela aipatu du.