Organismo fotosinetetikoetan oinarrituta, argia energia bihurtzeko gai diren material mikroskopikoak asmatu ditu Leire Gartzia gernikarrak bere tesirako.Material berrietan masterra egin zuen Leire Gartzia gernikarrak. Kimika ikasketak burutu ondoren, d...
Organismo fotosinetetikoetan oinarrituta, argia energia bihurtzeko gai diren material mikroskopikoak asmatu ditu Leire Gartzia gernikarrak bere tesirako.
Material berrietan masterra egin zuen Leire Gartzia gernikarrak. Kimika ikasketak burutu ondoren, doktoretza egin eta nazioarteko tesia aurkeztu zuen. Espektrospiaren munduan lan egiten du; alegia, argiak materialekin nola elkarreragiten duen aztertzen du. Material beriak sortu ditu bere tesirako; nanomaterialak, hain zuzen. Eta berak sortu dituen material mikroskopiko horiek fotoaktiboak direla azaldu du: «Argia hartzen dute, eta gero, igorri».
Leire Gartzia
Landareen antenen sistema imitatu duela dio, organismo fotosintetikoetan, zehatz esanda. «Landareen funtzionamendua izan dut oinarri; argia hartzen dute eta, gero, argi hori eraldatu egiten dute. Argia energia kimiko bihur dezakete behar dituzten elikagaiak lortzeko», dio.
Beraz, nanomaterialak baliatuta, eguzki argia ahalik eta gehien aprobetxatzea izan da Gartziaren xedea: «Nanomaterial horiekin batu, gero aplikatu ahal izateko».
Efizientzia hobetzeko
Sistema naturalengan inspirazioa hartuta, hiru material mota fabrikatu ditu gernikarrak. «Landareek, berez, proteinak dituzte, eta barruan klorofila molekulak direnak. Beraz, oinarri horri jarraituta, euskarriak (proteinak liratekeenak) fabrikatu ditugu, eta, klorofilaren (argia hartzen duten molekulak) lekuan, guk koloranteak sartu ditugu», azaldu du.
Hala, argia hartu eta energia bihur dezaketen hiru nanomaterial sortu ditu bere tesia egiteko. Argia energia bihurtuta, erabilera ezberdinak izan ditzakeela ere azaldu du kimikan doktorea denak. «Xafla fotoboltaikoak aktibatzeko energia sor ditzakete, esate baterako». Gartziak azaldu duenaren arabera, xafla fotoboltaikoek argiak dituen zenbait espektru ez dituzte ondo aprobetxatzen, ez dituzte ondo xurgatzen. Beraz, azaldu du nanomaterialeetan argia hartzen duten koloranteak sartuta, eta xafletan aplikatuta, horien efizientzia hobeto dezaketela: «Xaflen gainean material txiki horien film bat jarrita, xaflek eragingortasuna irabaziko lukete argia hartzerako orduan».
Laser gorrian
Laserrean ere baliagarriak izan daitezke nanomaterialak, eta arlo horretan Madrilgo talde batek frogak egin eta efizientzia hobetzen dutela ikusi dute. Nanopartikula polimerikoak erabili dituzte laser gorrirako, eta medikuntzako aplikazioetan baliagarria izan daitekeela esan du Gartziak: «Argi gorriak duen berezitasuna da ehunak zeharkatzen dituela; beraz, baliagarria da dermatologian erabiltzeko, edota terapia fotodinamikoetan».
Material hibridoak, nanopartikula polimerikoak eta antena molekularrak dira Gartziak asmatutako nanomaterialak. Horien erabilerak zabalkundea izango duen ez daki, baina lagungarriak liratekeela dio; ingurumenarentzat, kasurako.