2014.urteko ekainean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren sententziari Bermeoko Udalak eta Bermeo Elder Etxegintzak jarritako kasazio helegitea gutxietsi du Auzitegi Gorenak. Hala, Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko (HAPO) 26.1 unitatea baliogabetu du Gorenak. San Migel auzoko lurzoru hori hiri-lurra zela zehazten da HAPOn, eta hamasei etxebizitza eraikitzen ari dira: sei tasatu, eta gainontzeko hamarrak libreak. Epaileak, baina, hiri-lurra izateko baldintzak betetzen ez dituela eta, aipatu lurzorua urbanizagarria dela ebatzi du.
San Migelen egiten ari diren etxebizitzak
HAPOren unitate horren baliogabetzeagaz batera, gune horretako administrazio-izapide guztiak baliogabetzen direla azaldu du akusatzaile pribatuak: «lurzoruaren birpartzelazioa edota lanak egiteko lizentzia, besteren artean».
Modu horretan, sententziak dioena «berehala gauzatzeko» eskatuko duela gaineratu du. Akusatzaile pribatuak, bestalde, Bermeoko Udalak Auzitegi Gorenak emandako sententzia onartzea espero du.
2009an behin-behineko HAPO proposatu eta onartu zuen udal gobernuak, EAren kontrako botoekin. Ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzaren Batzordearen oniritzia jaso zuela kontuan hartuta, 2011n behin betiko onartu zuen osoko bilkurak, aho batez. Orain, baina, hiri-lur modura izendatuta egon den San Migel auzoko 26.1 unitatea urbanizagarri izendatu beharko du Bermeoko Udalak.