Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saileko foru diputatu Imanol Pradalesek gaur bertan jakinarazi du esleitu dituztela Autzaganeko Urdinbide tunela amaitzeko lanak. Zehaztu duenez, gainera, otsail bukaeran hasiko dituzte obrak. BEZ kontuan hartu barik, 20.343.349,63 eurotan esleitu dituzte lanak, lizitazio aurrekontuan zehaztutakoa baino %7 gutxiagotan.
Urdinbideko tunela
Atzerapen nabarmenagaz doaz obrak. Izan ere, lan horien ardura zeukan Aldi Baterako Enpresen Elkarteak (ABEE) bertan behera utzi zituen lanak iazko abuztuan, kostuei aurre egin ezinik. Sacyr, Mariezcurrena, Bycam, Viconsa, Cavosa, Zubieder eta Febide enpresek sortu zuten ABEEk 53 milioi eurogatik hartu zuen obren esleipena, baina lanak 70 milioi eurogatik lizitatu zituen Bizkaiko Foru Aldundiak.
“ABEE zigortzeko nahikoa arrazoi” zeudela iritzita, gerora 4,2 milioi euroko isuna jarri zion aldundiak; hain zuzen, kontratuko hiru klausula ez betetzeagatik. Pradalesen esanetan, epe osoa ez betetzea, epe partzialak ez betetzea eta obra zuzendaritzaren aginduak ez betetzea dira ABEEk urratu zituen klausulak.