Iaz hasitako bideari jarraipena emango dio aurten Arrain Azoka elkarteak. Hala, maiatzaren 20tik 22ra bitartean izango den Arrain Azokaren 22. aldia iragarriko duen kartela lehiaketa bidez aukeratuko dute. Lehiaketa horen bitartez, herritarren parte hartzea sustatu gura dute. Iaz Iñigo Bidetxearena aukeratu zuten azoka iragartzeko.
Iñigo Bidetxeak egindako kartela
Lehiaketan parte hartu gura duten horiek, apirilaren 5a izango dute lanak aurkezteko azken eguna, eta Turismo Bulegoan aurkeztu beharko dira. Aurten ere, 600 euroko sari bakarra egongo da. Arrain Azoka elkarteko kideek osatuko dute epaimahaia eta apirilaren 7an aukeratuko dute kartel irabazlea. Irabazlearen izena, hala ere, apirilaren 8an argitaratuko dutela azaldu dute Bermeoko udalaren webgunean. Irabazleak, baina, maiatzaren 20an jasoko du saria, Hegaluze saria banatzeko Nestor Basterretxea aretoan egiten den ekitaldian.
Kartelaren gaiak, Arrain Azokagaz zerikusia izan beharko du, aurtengo azokaren helburua honakoa izango delarik arraina kontserban jatea oso osasungarria dela jakinaraztea.
Kartel iragarleak, derrigorrez, honako testua eduki beharko du:
XXII. Arrain Azoka. Maiatzaren 20, 21 eta 22an. Bermeo. Bestalde, aurtengo Arrain Azokaren helburua zein den jakinda, egileak askatasuna izango du bere lanean lelo bat ere txertatzeko.
Formatu bertikaleko lan bat egin beharko dute parte hartzaileek, 68×34 zentimetrokoa, hain zuzen, eta gura duten beste kolore eta teknika erabil ditzakete. Kartelaren beheko aldean, baina, 6 zentimetroko tartea utzi beharko dute, azokaren 5 babesleen logoak jarri behar direlako.
Arrazakeria, sexismoa eta homofobia adierazten dituzten kartelak kanporatu egingo dituztela azaldu dute.