Enrike Zubia margolari eta eskultore bermeotarrak 38 margolan jarri ditu ikusgai Nestor Basterretxea aretoan. Urtarrilaren 10era arte, domekara arte, bisita daiteke erakusketa.
Enrike Zubia bere azken lanekin
Batez ere, Bermeok eta itsasoak hartzen dute garrantzia, Enrike Zubia eskultore eta margolari bermeotarraren margolanetan. Hala ere, urte batetik bestera, beste modu batera margozten saiatzen dela dio, «mundu honetan beti dago zer ikasi eta». 38 margolan aukeratu ditu oraingoan Bermeoko erakusketan jartzeko, eta tamaina desberdinekoak aukeratu ditu, gainera.
Margolanak aukeratzerako orduan bermeotar tradizionalak zein modernoak daudela dio Zubiak: «Askok gauza berriak eskatzen dituzte, uste baino gehiagok». Zubiak, Bermeo eta itsasoa aukeratu du beste behin ere, baina bermeotarrek beste edozein gai ere atsegin dutela uste du: «Zubiak beste mundu bat noiz margoztuko duen zain dauden herritarrak ere badaude. Niri, baina, gai hau egiten zait errazena».
Bere lan berrienak pintzel pasaldi solteak erabilita egiten dituela dio bermeotarrak, eta horiek ere ikus daitezke erakusketan: «Pintzel pasaldi solteekin xehetasun gutxiago erabiltzen dira, zailtasun gutxiago ditu eta arinago amaitzen da lana. Teknika honen bitartez, lana erraztera joan behar zara. Lana erraztea, baina, zaila izaten da, dena garrantzitsua dela uste delako».
Iaz hasi zen Nestor Basterretxea aretoan bere lanak erakusten, eta urtean behin, ahal bada, gabonetako sasoian erakusketak jartzen jarraituko duela esan du. «Modu horretan herritarrek badakite noiz ikusi ahal dituzten nire lanak», azaldu du Zubiak.
Zubiaren erakusketa urtarrilaren 10era arte bisitatu ahalko da Nestor Basterretxea aretoan, ohiko ordutegian; astegunetan eta zapatuan, 19:00etatik 21:00etara, eta domekan, 13:00etatik 15:00etara.
Lanak ikusgai egoteaz gain, horietako asko salgai ere badaude. Iazkoarekin alderatuta, aurten, baina, salmentak «eskas» doazela dio.