«'Aitxitxe' melankolikoa da, baina oroitzapen politetan sustatzen da»
Los Angelesetik itzuli berri da Markel Goikoetxea (Bermeo 1989) zine ikasketak bukatu ondoren. Estatu Batuetan egindako lana «Aitxitxe»laburmetraiean isladatu du.Ze ikasketa egin zenituen?Nik lau urte eman nituen Leioan ikus-entzunezko karrera egiten...
Los Angelesetik itzuli berri da Markel Goikoetxea (Bermeo 1989) zine ikasketak bukatu ondoren. Estatu Batuetan egindako lana «Aitxitxe»laburmetraiean isladatu du.
Ze ikasketa egin zenituen?Nik lau urte eman nituen Leioan ikus-entzunezko karrera egiten eta zine munduan berezitu nintzen. Gero Madrilera jo nuen urte bete master bat egitera zine zuzendaritzan eta handik Los Angelesera.
Nola sortu zen Los Angelesera joateko aukera?
Madrilen nengoela masterra bukatuta, beste urte bete gelditzea pentsatu nuen lan bat lortzeko. Bilatzen hasi eta ez nuen ezer aurkitzen; azkenean supermerkatuetara kurrikulumak botatzen bukatu nuen zerbait egitekotan. Orduan, Los Angeleseko zine eskola bat elkarrizketak egiten ari zela Madrilen entzun nuen, beka bat ematekotan. Bertara joan nintzen ea zorterik bazegoen eta 30 bat hautagaitatik niri aukeratu zidaten. Elkarrizketetan bakoitzak egindako lanen eta gure asmoen inguruan galdetu ziguten. Beraiek guk zer eskaini ahal genien jakin nahi zuten; nire kasuan lan gehienak euskal kulturaren inguruan direnez, hortik jo nuen.
Hemen eta Estatu Batuetan ikasi ondoren, zinea lantzeko desberdintasunik igarri al duzu?
Ni hara heldu bezain laster, lehen hilabetean proiektu batean sartuta nengoen. Estatu Batuetan gelditu gabe aritzen dira, fimeak egin eta egin. Lehiakortasuna ere handiago da. Industria bizirik dago. Estatu mailan nozbehinka dago proiektu handi bat. Estatu Batuetan ikasle ugari dago eta film laburren mundua oso handia da. Beste alde batetik, indie pelikulak edo pelikula txikien industria handi bat dago. Industria horretan ere jendea behar izaten dute eta, nahiz eta, gutxiago ordaindu, oso ondo dago jendea ezagutzeko aukera ematen baitu eta mundu horretan sartu zaitezke.
Zuk “Aitxitxe— proiektua garatu duzu Estatu Batuetan. Nondik sortu da filma?
Antzinatik datorren ideia bat zen. Urte guztian zehar klasean landu dugun zerbait da, gidoia idazten ibili gara, jendearen iritzia kontuan hartuz gauzak hobetzeko… eta aurreprodukzio luze bat izan da. Baina produkzioa bera azkenean hiru egun luzatu da bakarrik. Ideia nagusiak Madrilen egin nuen tesiaren antzekotasun batzuk ditu; adibidez, umeen ikuspegi zintzoa, ezjakintasunaren galera, etab. Hortik abiatu zen dena.
Pelikulako aktore biak Estatu Batuarrak dira. Protagonista aukeratzea lan zaila izan al zitzaizun?
Hasiera baten euskal etxeekin harremanetan jartzen saiatu nintzen, baina oso zaila zen euskaldun amerikar bat aurkitzea aktore lanetarako. Hortaz, benetako aktore bat hartu nuen eta gidoia asko lantzen saiatu nintzen berarekin. Ganera, Aitxitxeren protagonista aukeratu genuenean oso berezia izan zen; hainbat hautagai izan genituen eta guztiei esan nien euskal kondaira bat kontatzeko aurrez aurre.Oso kasting aberasgarria izan zen, guztiek baitzekiten pila bat euskaldunoi buruz. Baina behin Jame Wallas aktorea atetik sartu zenean, arin konektatu genuen eta hitz egiten hasi ginenean pelikula guztia etorri zen nire burura.
Umearen kasuan aukeraketa zailagoa izan al zen?
Umearen kasuan bi hautagairen artean izan genuen zalantza. Batak 6 sei urte zituen eta besteak 8. Kontuan izan behar da Estatu Batuetan lege bereziak izaten direla adin gabekoentzat zine munduan: Studio teacher delako bat izan behar dute, egunean ordu kopuru jakin bat lan egin ahal dezakete… dena oso erregulatuta dago. Gure kasuan azkenean 6 urteko umearen amak deitu zigun grabaketa egunetan lanpetuta zebiltzala eta, hortaz, 8 urtekoa aukeratu genuen.
Pelikulak fantasia ikutua dauka. Hasieran pentsatu zenuena baino gehiago edo gutxiago dauka filmeak?
Momentu honetan pelikula berriz grabatu beharko banu, fantasia gehiago jarriko nioke. Orain kopuru justua dauka. Fantasiak gutxinaka eraikitzen du pelikula, klimax eta bukaerara heldu arte.
Aitxitxe pelikula luzemetraia bihurtu daiteke edo film laburra izateko jaioa da bakarrik?
Nik uste dut ideia bera laburmetrairako egin da dagoela, duda gabe. Baina Aitxitxeren pertsonaiak berak gauza asko ditu eta dimentsio sakonagoa dauka. Beste bide batzuk esperimentatu ditzake protagonistak eta aktorearekin berarekin honetaz asko hitz egin nuen. Nondik datorren, norekin erlazionatzen den…gauza asko daude zerbait luzegoa egiteko. Gainera, hamabost minutuko muga errespetatu nahi nuen eta ez nuen ezer luzeagoa gura jaialdietara ere bialtzeko.
Nolako harrera izan du laburmetraiak Estatu Batuetan jarri duzunean?
Han eskolako proiekzioan eman genuen lehenengo eta gero San Frantziskoko euskal etxean. Bermeokoa hirugarren aldia izango da publiko aurrean. Esperientzia ikaragarria izan zen, bertan zegoen jendea filmeko protagonista bezalako kasua bizi zuelako. Gu han izan ginenean gurekin euskaraz hitz egiteko aukera izatea oso hunkigarria izan zen beraientzat. Oso harrera ona izan zuen. Nik esango nuke laburmetrai melankolikoa dela baina oroitzapen politetan sustatzen da ere.