Madrilgo Kongresura euskal herritarren interesak defendatzera doala dio Onintza Enbeitak, eta etzi, nork bere proiektuaren aldeko botoa ematea espero du.Lana, ekonomia, gizarte ongizatea, lurraldetasuna, emakumea... Biharko hauteskundeetan jokoan dagoe...
Madrilgo Kongresura euskal herritarren interesak defendatzera doala dio Onintza Enbeitak, eta etzi, nork bere proiektuaren aldeko botoa ematea espero du.
Onintza Enbeita
Lana, ekonomia, gizarte ongizatea, lurraldetasuna, emakumea… Biharko hauteskundeetan jokoan dagoena asko da, Onintza Enbeitaren (Muxika, 1979) iritziz.
Hauteskunde kanpaina amaituta, gogotsu domekarako?
Bai. Etxeko lanak eginak daude. Orain, ikusi beharko da jendeak zein proiekturen alde ematen duen botoa.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeek pisua galdu ohi dute. Zergatik egon behar du EH Bilduk Madrilen?
EH Bilduk erreklamatzen ez duena ez du inork erreklamatuko. Gu han ez bagaude, inork ez du egingo erabakitzeko eskubidearen eta burujabetzaren aldeko aldarrikapen garbirik. Eta hori Madrilen egitea garrantzitsua da.
Bertoko interesen defentsan ariko zarete, beraz. Hainbeste kaxkartu daiteke egoera?
Alde batetik, argi izan behar duguna da Madrilgo Gobernuak ez duela egingo herritarren aldeko politika; betiko modura, aberatsentzat edo armadarentzat ona den politika egingo du. Beraz, jendearentzat ez da ona izango. Baina, harago joanda, guk uste dugu egoera hori txarra dela guk ezin dugulako gure herrian gure alternatiba eraiki, eta hori ere aldarrikatu behar da.
Lan erreforma, giza eskubideen, hizkuntza eskubideen edota erabakitzeko eskubidearen kontrako politikak… Jendartea kontziente al da Madrilen boto batek duen garrantziaz?
Nik uste dut jende asko badela kontziente, eta beste batzuk zalantzan egon daitezke. Ulertu behar da bi proiekturen arteko talka gogorra dela. Espainia proiektu politiko, geografiko, ekonomiko eta sozial konkretu bat da, patriarkatuan eta kapitalismoan oinarrituta, gainera. Beraz, beti egingo du lan IBEX 35eko enpresen alde. Guk beste proiektu bat dugu: ekonomikoa, politikoa, geografikoa eta soziala. Hori da Euskal Herria, eta herritarren interesak defendatuko dituen proiektu bat eraiki gura dugu, garrantzia pertsonei emango diena. Hori da hauteskunde hauetan jokatzen dena; ez da gutxi.
Hego Euskal Herrian ordezkaritza duzuen alderdi gehienek bat zatozte esatean egungo lege esparruak ez diela gizartearen beharrei erantzuten. Zein da, zure ustez, gabeziarik handiena?
Alde batetik, ez digute burujabeak izaten uzten eta ezin dugu gure proiektua garatu. Konpetentzia batzuk eta hiru-lau eskaintza egiten dizkigute, eta guk ezin dugu nahiko genukeen Euskal Herria garatu. Hori gabezia handi bat da. Beste gabezia bat izan daiteke, Espainiako hauteskundeei begira jende askok oraindik sinisten duela boto baliogarri horretan. Baina ulertu behar dugu boto baliogarri bakarra dela nork bere proiektuaren alde ematen duena. Espainian ez dago proiekturik bere begirada Euskal Herrian duenik. Madrildik kudeatu nahi dute Euskal Herria; beraz, gabezia asko izan ditzakegu, baina, garrantzizkoena burujabetzarena da.
Nola aldatu hori?
EH Bilduk argi esango du Madrilen beraiek duten proiektu politikoa Espainia dela, eta gu menperatuta gaituztela. Politikoki inperialismoaren ikuspegia du; ekonomikoki langileen zapalkuntzan oinarritzen da eta sozialki, ez du gizon eta emakumeen arteko eskubide berdintasunean sinisten. Guk beste proiektu bat dugu, Euskal Herria izena duena. Geografikoki Espainiarengandik askatu behar du; politikoki bere buruaren jabe izan nahi duena; ekonomikoki ez dena langileen eskubideen zapalkuntzan oinarrituko, jendartearen bizi baldintza duinetan baizik, eta sozialki gizonak eta andrak eskubide berdinekin bizi daitezen ahalbidetuko duena. Hori da jokoan dagoena.
Ekonomia eta lan kontuek eragiten dute burukomin gehien gaur egun. Ciudadanosek, gainera, kontzertu ekonomikoa kentzearen eta aldundien eskuduntzak murriztearen aldeko mezua ere zabaldu du.
Espainiako eskumaren mezua da; mehatxu horrek ez nau ikaratzen. Ezin ditugu eskumenak galdu, baina dauzkagunak gutxi dira. Burujabetzaren %30 da daukaguna, eta beti gabiltza eztabaidan hezkuntza curricumularen %30 erabaki edo ez, lan baldintzena, gizarte segurantzarena… Ulertu behar dute %100 nahi dugula. Bestalde, ez ginateke larritu behar. Orain arte ere sarri esan dugu autonomismoa agortuta dagoela, eta gure blindatzeko modu bakarra independentzia dela. Bitartean, gureari eutsiko diogu.
Riveraren alderdiak bigarren indar politikoa izateko aukerak badituela zabaldu dute inkestek. Hainbesterako mina egin diezaioke horrek euskal gizarteari?
PP eta Ciudadanosen arteko koalizioa bada mehatxua, onartu dezaketen lege atzerakoi denek eragingo dutelako guregan. Baina ezin dugu ahaztu urteak daramatzagula Espainiako proiektu politiko horren menpe, eta beti berdinentzat agindu dutela. Ustelkeria ez da kasualitatea. Espainiako agintariek legeak IBEX 35eko enpresentat egiten dituzte, eta enpresa horiek eskupekoak ematen dizkiete. Hori da funtzionatzeko modua. Beraz, orain arte ere mehatxu baten menpe bizi izan gara.
Emakumeak eta indarkeria matxista ere aipatu izan da kanpainan. Baina, proiektu zehatzik bai?
Indarra jarri behar dugu arazo estruktural bat dela onar dezaten. Sistema honetan emakumeen papera da, besteak beste, etxean zainketa lanak debalde egitea, bestela administrazio publikoek eman behar dituzte zerbitzu horiek, eta ez daude prest. Espazio publikoa gizonena da, ardurazko lanpostuak gizonenak dira, eta guk ez dugu berdin kobratzen. Zapalkuntza egoera bat bizi dugu, beraz. Lehenik eta behin, hezkuntzan esku hartu behar da, eta pertsonak berdintasunean heziko dituen eredua landu. Gero, udalek, aldundiek, Jaurlaritzak… ezin dute konplexurik izan telebistako programazioan esku hartzeko; gaur egun
prime-timean emakumeen kontrako biolentzia garbia ikusten delako. Ezin dugu publizitatean ezikusiarenak egin. Biolentzia sotila jasaten dugu egunero, eta onartu behar dugu hori dela gizonekoa emakumea hiltzera daramana. Zein zentzu du XXI. mendean nire gizonak ni jotzen banau bizkartzainak nire atzetik ibiltzeak? Arriskutsua gizartearentzat bera da, berak jo nau,eta bera seinalatu behar da. Baina administrazioak eta erakundeek ez dute hori ulertzen.
Aste honetan albiste beraren hiru titular irakurri ditugu, hiru egunkaritan. Emakumeek sortu berri diren lanpostuak ‘bereganatzen’ dituztela zioen batek; sortu diren 10 lanpostutik 8 emakumeentzako izan direla zioen beste batek; eta, hirugarrenak, NBEk salatu duela aginte postuetatik %25 baino ez direla emakumeentzat. Titularren mezuek zelako garrantzia izan dezakete?
Noski badutela. Titular batek dio emakumeek lan merkatua bereganatzen dutela, baina inork ez dio gizonezkoek emakumeen soldaten %27 bereganatzen dutela. Eta hori holan da, guk beaiek baino %27 gutxiago kobratzen dugulako lan berdina egiteagatik. Ez da broma. Inork ez du aipatzen lan erreforma berriarekin haurdun geratzea lanean huts egitea kontsideratu daitekeela medikuagana joan behar duelako.. Emakume askok lana galdu du umeak edo gurasoak zaindu behar izan dituztelako. Horri buruz inork ez du berbarik egin gura, eta manipulazioa sekulakoa da, hasi feminazi deitzetik etaa lan merkatua gureganatzen dugula esateraino. Hori da manipulatzea eta benetan feminismotik historikoki egin diren aldarrikapenak kriminalizatzea. Oso larria da, eta biolentzia matxista da esatea lanpostuak gureganatzen ditugula esatea. Badago gremio bat hitzarmen kolektiborik ere ez duena, etxeko langileena. Eta inolako konpelxurik gabe diot titular horiek ere indarkeria matxista direla.
Bestelako gizarte politikak ere krisian daudela dirudi. Zein politika daramazue Madrilera Hego Euskal Herriko gizarte ongizatea hobetzeko?
Lehenengo eta behin, aldarrikatuko dugu aplikatzen dituzten lege asntisozial guzti horiek bertan behera uzteko, eta Euskal Herriari utz dieazioten bere legeak egiten eta bere etorkizuna erabakitzen. Bestalde, onartzen dituzten hainbat legeri kontrako botoa ematen diegu, guretzat nahi ez duguna ez dugulako beste inorentzat gura. Baina gure aldarrikapen handiena da guri uztea hemen erabakitzen gure etorkizuna eta politika sozialak.
Gaixo dauden presoak, epaiketa politikoak, sakabanaketa politika… Espainiako Gorteetan gai horiek lekurik izango al dute hurrengo lau urteetan?
Guk lekua egiten badiegu bai. Argi dago hemen gatazka bat egon dela eta Espainiak ukatu egin du. Hori oso larria da memoria historikoaren terminoetan, gure kontaketa ukatzen digutelako. Beraz, gure kontatzea mahai gainean jarri behar dugu, hemen gatazka bat egon dela onar dezaten, eta gatazka horrek ondorio batzuk izan dituela.