Bermeoko Sabino Arana enparantzan egingo dute aurrerantzean martitzeneko azoka
Martitzenero Bermeon burutzen den azokak toki berria izango duela jakitera eman du Bermeoko Udalak. Hala, aurrerantzean, Alde Zaharrean izango du lokaleku berria: Sabino Arana enparantzan, hain justu.
Bermeoko asteroko azoka lekuz aldatzea adostu du udal gobernuak. Lekuz aldatzearen arrazoi nagusiak bi dira: batetik, orain arte egiten zen tokiak sortzen zituen arazoak konpontzea eta, bestetik, Alde Zaharraren biziberritze planaren sustapena bultzatzea. Proposamenak udaleko talde politiko guztien babesa jaso du, nahiz eta oraindik denbora bat itxaron beharko den; izan ere, aldaketa posible izateko udal araudia egokitu beharko da.
Etorkizuneko kokalekua gune salbuetsia da orain, eta lege aldaketa horrek denbora bat beharko du, esleipen berria osoko bilkuran adostu beharko baita. Azoka egunetan, gainera, trafiko aldaketak egongo dira; hala, autoek ezingo dute bertara sartu.
Orain arte, Atalden
Orain arte, Atalde kalean egiten zen azokak zarata arazoez gain, bestelakoak ere sortzen zizkien eskolako ume eta gurasoei. Horregatik, Herriko Eskolako Guraso Elkarteak eta Zuzendaritzak azoka beste leku batera eramatea eskatu zuten astero sortzen zituen eragozpen eta arriskuak ekiditekotan.
Kokaleku berriak, gainera, herriko merkataritza sustatu eta erosketa gune bat sortzeko balio dezake, Idurre Bideguren alkatearen esanetan. Era honetan, Alde Zaharraren ekintza ekonomikoei bultzada bat ematea suposatuko du, zonaldearen eraberritze planaren barruan.
Lokal hutsen irtenbidea
Plangintza berriak lokal hutsei soluzioa emateko ere balioko du. Azoka gune berriak 36 postu izango ditu: horietako 28 Sabino Arana enparantzan jarriko dituzte eta beste 6 postuak Ertzilla kalean.