Euskararen Kontseiluak bultzatuta eta Bermeoko zenbait talde eragileren partaidetzarekin, aurten ere
Euskaraz bizi nahi dut eguna egin zuten zapatuan. Hala, euskararen aldeko kontzientziazioa bultzatzea helburu, kalera atera ziren ume zein nagusiak, eta euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzeko, hainbat ekintza egin zituzten zapatuan.
Mendi ibilaldian parte hartu zuten lagunak. Argazkilaria: Ana Ormaetxea
Hala, goizean goiz, Taraskan agertu ziren hainbat lagun; menditik ibilaldia egin baitzuten, Bermeoko eta Busturiko mendi taldeekin batera. Geroago, Lameran, umeak izan ziren protagonista nagusiak. MB 2000 taldeak antolatutako jolasetan parte hartzeko aukera izan zuten: margozteko aukera izan zuten bertaratutakoek, eta ondoren, marrazkiekin hormairudi bat osatu zuten. Bestalde, pista jokoan ere parte hartzeko aukera izan zuten, herrian zehar batetik bestera ibilita.
Umeak margozten, Lameran
Aurreko urtean egin modura, bestalde, Xixili gimnastika taldeko neskek euskarazko zumba ere egin zuten eta giro oso polita sortu zuten. Kalinpanek ere ez zuen hitzordua galdu gura izan eta Lameratik ibili zen goizean, umeekin zein nagusiekin jolasean.
Xixili Gimnastika taldekoen zumba saioa
13:30ean hasi zuten amaierako ekitaldia. Besteren artean, txalapartariek, bertsolariek eta irrintzilariek parte hartu zuten eta
Euskaraz bizi nahi dut adierazpena ere irakurri zuten. Aurten, gainera, Begoña Kastañero omendu gura izan dute, euskararen alde egindako lan guztiagatik.
Ekitaldi amaieran ateratako talde argazkia. Argazkilaria: Ana Ormaetxea