«Komunikabideen ardura da indarkeria matxista kasuen zergatia azaltzea»
Uxu emakumeen taldeak antolatuta, Pikara Magazineko koordinatzaileak 'Indarkeria matxista komunikabideetan' hitzaldia eskainiko du eguaztenean, 19:00etan, Etxelilan.Hitzaldiaren izenburutik abiatuz, indarkeria matxista kasuak nola jorratzen dira komuni...
Uxu emakumeen taldeak antolatuta, Pikara Magazineko koordinatzaileak ‘Indarkeria matxista komunikabideetan’ hitzaldia eskainiko du eguaztenean, 19:00etan, Etxelilan.
Hitzaldiaren izenburutik abiatuz, indarkeria matxista kasuak nola jorratzen dira komunikabideetan?Emakumeen hilketak ematen direnean, zenbait komunikabidek gertakari isolatu modura erakusten dute. Ez da azaltzen zergatik emakumeen kontrako indarkeria jendarteko arazoa den, ezta ere gertakari horrek zein lotura dituen matxismoaren beste aurpegiekin… Nire ikuspuntua nahikoa kritikoa izango da hitzaldian.
Alegia, indarkeria matxistak hildako emakume baten hilketa beste edozein hilketa bezala aurkezten dutela esan nahi duzu. Ezta?
Bai. Gainera, oraindik orain, egunkari askotan Gertakariak atalean kokatzen dute. Eta gainera, xehetasun morbosoetan sakontzen dute (nola hil zuen, zenbat labankada…). Eta hilketa horren zergatia da azaldu behar dena. Hain justu, zenbait komunikabideek egiten ez dutena. Oso ohikoa da, esaterako, indarkeria matxistak utzitako hilketa batean, bizilagunen adierazpenak jasotzea eta «inork ez zuela horrelakorik espero, hiltzailea ona zela, bikote ona egiten zutela» bezalako testigantzak jasotzea. Hori ez da bat ere arduratsua. Komunikabideen ardura da adituengana jotzea eta zergatia azaltzea.
Tratamendu egokiak ere bistaratuko dituzu?
Pikararen kasuan, indarkeria matxistari buruz hitz egiten dugunean, oso garrantzitsua ikusten dugu ez hitz egitea bakarrik hilketei buruz. Hilketa baten aurrean, Emakundek beti esaten du hau izozmendiaren punta baino ez dela. Matxismoak aurpegi asko ditu: sexu jazarpena, telefonozko jazarpena, emakume etorkinek bizi duten jazarpen berezia… Nire beste kezka bat da Espainiar Estatuan dagoen legearekin azkenean komunikabideek sinisten dutela genero indarkeria bikote esparruan gertatzen dela bakarrik. Horrekin gu oso kritikoak gara. Jendeari ikustarazten saiatzen gara indarkeria matxista egiturazkoa dela eta emakume izate hutsagatik indarkeria bizi dugula gure egunerokotasunean, ez bakarrik harreman heterosexualetan. Horren inguruko adibideak ere eramango ditut.
Komunikabideetako langileek horrelako gaiak lantzeko formazioa jaso behar dutela uste duzu?
Alde batetik garrantzitsua da ulertzea horrelako gaiak lantzeko espezializazio puntu bat behar dela, futbolari buruz informatzeko futbolaren arauak ezagutu behar diren modu berean. Bestetik, indarkeri matxista kasuetan ere jakin behar da «hilketa pasionala» esatea ez dela zuzena, bizilagunen testigantzak inoiz ez duela datu handirik emango…
Euskal komunikabideetan zer nola lantzen dira indarkeria matxista kasuak?
Euskal Herriaren kasuan nahikoa baikorra naiz. Berria-k eta Argia-k, esaterako, lan polita egiten dute. El Correo –ren kasuan, ostera, indarkeria matxista kasuak bestelako gertakarietan jasotzen dituzte, puntu morbosoa gehituta, noski. Horregatik diot, garrantzitsua dela gai honen inguruan idazten dutenek gutxieneko prestakuntza bat izatea. Dena den, indarkeria matxista hain dago errotuta ze, komunikabideetako hainbat alorretan agertzen direla horren adibideak, kirolean esaterako. Guztiok hartu behar dugu giza eskubideen aldeko konpromisoa.
Lehendabizi, baina, konpromiso indibidualak hartu behar dira eta gero kolektiboak, ezta?
Hori da. Komunikabideekin kritikoak gara, eta hori ondo dago, baina komunikabideek esaten ez badute gertakari bat genero indarkeria dela poliziak ez dioelako da. Baina jendarteak erantzun egin behar du, inplikatu egin behar da. Biktimarengan ardura guztia ez da jarri behar. Hori guztia, Espainiar Estatuak daukan politikaren ondorio da.