Lurgorriko bizilagunek parte hartzea eskatzeko sinadurak batuko dituzte
Auzo proiektuan erabakimena izan gura dute. Lurgorrin 15.875 metro koadro egokitzeko proiektua egiterakoan udalak auzoaren beharrizanak kontuan hartu ez izana salatu duteGernika-Lumoko Udalak Santa Luzia auzorako aurkeztu duen proiektua auzokoen iritzi...
Auzo proiektuan erabakimena izan gura dute. Lurgorrin 15.875 metro koadro egokitzeko proiektua egiterakoan udalak auzoaren beharrizanak kontuan hartu ez izana salatu dute
Gernika-Lumoko Udalak Santa Luzia auzorako aurkeztu duen proiektua auzokoen iritzia kontuan izan gabe egin izana salatu dute bai Lurgorriko bizilagunek eta baita Gernika-Lumoko EH Bilduk ere.Auzokoen esanetan, tamaina horretako proiektu bat egiten denean auzokoekin batzartzea beharrezkoa da, beraiek direlako auzoaren beharrizanak hobekien ezagutzen dituztenak. Horregatik, proiektua denen artean erabakitzeko eskatzen duen idatzia kaleratu dute, eta sinadurak biltzen hasiko dira. Santa Luziako Hiri Parkearen Proiektua auzotarren beharrizanei entzun barik egin dutela dio auzotar talde batek, eta beraiekin batzartzeko eta parte hartze prozesu bat hasteko eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari.
Parte hartzerako bideak
Gernika-Lumoko EH Bilduk ere udalaren jarrera kritikatu du, proiektuaren kudeaketa osoa «tamalgarria» izan dela esanez. Dioetenez, Santa Luziako parkearen proiektua aurrera eraman nahi du egungo udal gobernuak, «bertako auzotarren iritzia kontuan hartu gabe, eta beraien beharrizan errealak zeintzuk diren galdetu gabe».
Udalak aurkeztutako proiektuak ermita aurreko orubean umeentzako gunea egokitzea jasotzen du, jolas gunearekin, gurasoentzako jesarlekuekin eta umeek jolasteko ur txorrotak botatzen dituen iturriarekin. Era berean, eskola inguruan asteden-gune bat egokitzeko asmoa ere jaso du proiektuak; baita berdeguneak egokitzea eta espazioak berreskuratzea ere. Horrekin batera, irisgarritasuna hobetu eta ureztapena eta argiztapena hobetzeko lanak ere egin nahi ditu udalak.
Baina EH Bilduk dio parkea barik, auzokoek azpiegiturak behar eta eskatu dituztela: kirol instalazioak, egoitza duin bat edota babesean egoteko estalitako guneak. «Horregatik, inongo obrarik egin aurretik, auzokoekin batzartzeko eta parte hartze prozesu bat zabaltzeko eskatu genion udal gobernuari». Hala ere, koalizioak salatu du hil honetan Lurgorrin proiektua azaldu zutenean parte hartzeko bideak zabaltzeko eskariari erantzunik eman gabe joan zela alkatea.
Beraz, auzokoen ekarpenak entzun eta aztertuko dituztela bermatu asmoz, parte hartze prozesua bere gain hartu du EH Bilduk, eta atzo egin zuen auzokoekin lehen batzarra.
Joan ezin zutenek ehbildugernikalumo@gmail.com helbidera bidali ditzakete beraien ekarpenak.