Santa Luziako hiri parkearearen proiektuan herritarren parte hartzea bermatzeko eskatu du Gernika-Lumoko EH Bilduk
Aipatu proiektuaren kudeaketa osoa “tamalgarria” izan dela kritikatu du koalizioak. Dioetenez, Santa Luziako parkearen proiektua aurrera eraman nahi du egungo udal gobernuak, “bertako auzotarren iritzia kontuan hartu gabe, eta beraien beharrizan errealak zeintzuk diren galdetu gabe”.
EH Bilduk gogoratu duenez, 600.000 eurotik gorako kostua izango duen proiektua aurkeztu zuten Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak eta EAJk. “Bertan ikusi zena izugarria izan zen: parke baten proiektu amaitua ekarri zuen udal gobernuak auzotarren harridurarako, eta, gainera, parte hartzeko bideak zabaltzeko eskariari erantzunik eman gabe alde egin zuen alkateak. Lotsagarria izan zen”, kritikatu du oposizioko taldeak.
Horren aurrean, Gernika-Lumoko EH Bilduk herritarren parte hartzea bermatzea eskatu dio udal gobernuari, eta, horregaz batera, obrak egiten hasi orduko, parte hartze prozesu bat zabaltzeko eskatu dio. Izan ere, auzotarrek parkeari dagokionez, bestelako beharrizan batzuk dituztela gogorarazi du koalizioak: “Auzotarrek adierazi dutenez, parkea baino azpiegiturak behar dira”; hala nola, kirol instalazioak, bertako auzotarrentzako egoitza duina eta babesean egoteko estalitako guneak.
Udal gobernuak, bere aldetik, herritarrek ekarpenak jasoteko epea ireki du, barikura arte. Hala ere, modu hori kritikatu du EH Bilduk: “proiektua ikusgai jarri gabe eta ekarpen horien balorazioa eta ebazpena udal teknikariaren esku utzita egin dute”. Gauzak horrela, koalizioak uste du Gorroñok eta EAJk ez dutela herritarren parte hartzea sustatzeko inongo asmorik, ezta proiektua bera aldatzeko ere.
Hala, koalizioa bera izango da “auzotarren parte hartzeari bideak zabalduko dizkiona, eta horien ekarpenak entzun eta aztertuko direla bermatuko dituena”. Horretarako, herritarrekin hitzordu bat jarri du; hain justu, hilaren 23an, astelehenean, 19:00etan, Lurgorrin bilduko dira. Gerora, bertan jasotako iritzi eta ekarpenak udalera eramango dituzte, udal gobernuari aurkeztekotan. Ordu horretara joaterik ez dutenek, hala ere, martitzenetik barikura, 10:00etatik 13:00etara, EH Bilduk udalean duen bulegora jo ahalko dute. Azkenik, ehbildugernikalumo.gmail.com helbidera mezua idatzita ere eskatu ahalko dute herritarrek koalizioagaz hitzordua, eta bide bera erabilita egin ahalko dituzte baita ere, beraien ekarpenak.