Iaz globo lilak askatzen, Bermeon
Morea koloreak nagusitasuna hartzen duen eguna izaten da azaroaren 25a; eraso sexistei planto egiteko eguna; emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna. Norbanako, elkarte, talde, eragile eta beste hainbaten egutegietan azpimarratuta agertzen den eguna da. Eta urteko gainontzeko egunetan ere, eraso horien aurka agertzen diren arren, egun horren bueltan gailentzen dira gai horri lotutako ekimen eta jarduerak. Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean hutsik egin gabe antolatu dituzte, beste urte batez, egun horri begirako ekintzok.
Udalek, gainera, adierazpen instituzionala onartu dute, irmoki gaitzetsiz emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpen zein sexismo-modu. Horren bitartez, gainera, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunik eza oinarri duen gizarte batean bizi garela berretsi dute, eta, horren aurrean, berdintasun-politikak baliatzea «ezinbestekoa» dela uste dute.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko udalek argi dute: «bestelako gizartea eraikitzen saiatu beharra dago; non pertsona guztiek askatasuna izango duten nahi duten bezalakoak izateko, non aukera izango duten potentzialtasun osoz garatzeko, eta non giza eskubideei begira berdintasunezko eta begirunezko tratua jasoko duten».
Halaber, pertsonen arteko harremanak errespetuan, autonomian eta berdintasunean oinarrituko duen gizartea eraikitzeko aldarria egin dute. Eta hori lortzeko, zenbait konpromiso hartu dituzte: batetik, «udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde». Bestetik, urteko egun guztietan, berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta, horregaz batera, azaroaren 25aren harira gauzatuko diren ekitaldietan parte hartzeko gonbitea egin diete.
Hamaika aukera
Parte hartzeko aitzakiarik ez dute faltako, behintzat, bertoko herrietako bizilagunek; izan ere, hamaika jarduera eskainiko dituzte Lea-Artibaik, Mutrikuk eta Busturialdeak. Hamaika aukera, baina helburu bakarra: eraso sexistei erantzun bat ematea.
Ohiko elkarretaratze eta manifestazioez gain, tailerrak, hitzaldiak, zine eta musika emanaldiak, berbaldiak, omenaldia, ipuin kontalaria, antzerkia eta askoz gehiago egongo dira aukeran dozena bat herritan.
Gautegiz Arteagan, esaterako, gaur hasi eta urtarrilaren 22ra arte, zazpi barikutan, berdintasun jardunaldien baitan antolatutako berbaldi zein tailerretan parte hartu ahal izango da.
Emakume elkarteak, batera
Lehenengoz batuko dira Bermeon, Sareginek Bermeoko Emakume Feministen Sarea eta Erroxape Emakumeen elkartea, ekimen bateratu bat egiteko. Hala, azaroaren 25ean, batera ariko dira, eraso sexistei planto egiteko. Goizean herrian izango den ekitaldian parte hartzeaz gain, arratsalderako salaketa ekimena eta erakusketa antolatu dituzte. 19:00etan izango da hori, Lamerako harrizko bankuan.
Gainera, egunotan kanpaina deigarria egiten ari dira Bermeon. Herriko gune desberdinetan jendearen arreta pizteko kartelak jarri dituzte.
EGITARAUA HERRIZ HERRI
Bermeo
Azaroak 25, eguaztena.
– 12:00etan hasita, elkarretaratzea egingo dute Goiko plazan, Bermeoko Udalak, Erroxape Emakumeen Elkarteak eta Sareginek Bermeoko feministen sareak deituta. Elkarretaratzea hasi aurretik, baina, Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek adierazpen instituzionala irakurriko du. Halaber, herriko ikastetxeek ere parte hartuko dute, horietan landutako lanak aurkeztuz. Horrez gain, ehunka globo lila askatuko dituzte.
– 19:30ean, Lamerako harrizko bankuan Sareginek Bermeoko Emakume Feministen Sareak eta Erroxape Emakumeen elkarteak antolatuta, salaketa ekimena eta erakusketa.
Busturia
Azaroak 25, eguaztena. 19:00etan, Altamirako Kultur Etxean, hitzaldia: Eguneroko indarkeria. Ostean, elkarretaratzea, San Kristobaleko autobus geltokian.
Forua
Azaroak 25, eguaztena. 18:00etan, Tourseko San Martin elizan, musika emanaldia. Hasieran, Foruko koroa; ondoren, Beñat Albizbeaskoetxea (biolontxeloa), Ander Azkarai (gitarra), Ander Azkarai eta Ane Aldana (bertsoa), Mikel Lopez de Abetxuko (trikitixa) eta Ariana Uriarte eta Ane Aldana (txirula); amaitzeko, Bidane Txopitea sopranoa eta Uxue Alonso pianoan.
Gautegiz Arteaga
Gaur eta azaroak 27. 17:30etik 19:30era, kultur etxean, Lan merkatuan genero bereizkeria ezabatzen; bere iniziatiba ekintzailea indartzen berbaldia.
Abenduak 4 eta abenduak 11. 17:30etik 19:30era, kultur etxean, autodefentsa tailerra: Oinarrizko teknikak, erasoen aurrean.
Abenduak 18. 17:30etik 19:30era, kultur etxean, tailerra: Maite zaitut, baina ez nire bizia baino gehiago. Hechos son Amores film laburraren proiekzioa. 14 urtetik gorako gazteei zuzenduta.
Urtarrilak 15 eta 22. 17:30etik 19:30era, kultur etxean, tailerra: Ezagutza pertsonalera begirako jarrera positiboa sortzen.
Gernika-Lumo
Azaroak 25, eguaztena.
– Halaber, Gernika-Lumoko Udalak puntu lilak banatuko ditu –kartel zein pegatinak–, kultur etxean eta turismo bulegoan.
– 11:30ean, Beldur Barik lehiaketako sari banaketa.
– 19:30ean, manifestazioa, Merkurion, Eraso matxistei planto! lelopean, Asunek Gernikeko talde feministak deituta.
Muxika
Azaroak 25, eguaztena. Puntu lilak banatuko dituzte tabernetan. Eta Zubieta errotan eta udaletxean, puntu lila erraldoia jarriko dute balkoian.