Beñat Bilbao eta Ander Elortegi, Lilibertsoko kideak atzean dituztela
Bizkaiko Txapelketatik at dator aurten Busturialdeko Bertsolari Txapelketa. Hiru kanporaketa eta finala jokatuko dute eskualdeko hemezortzi bertsolarik.
Busturialdeko Bertsolari Txapelketa hasiko da barikuan. Zenbat bertsolarik parte hartuko duzue?
Ander Elortegi: Hemezortzi bertsolari izango gara txapelketan. Aurrefinalak hiru izango dira, eta bakoitzean sei bertsolari ariko gara. Hemezortzi horietatik sei helduko dira finalera.
Aurtengo txapelketak berezitasunen bat ere badakar.
A. E.: Bai. Orain arte Busturialdeko Txapelketa Bizkaiko Txapelketarako kanporaketa bat izan da. Aurten ez da hala izango. Txapelketaren antolatzaileek gogoeta egin ostean, eskualdeetako txapelketak independenteak izango dira. Bizkaiko Txapelketa 2017ko udaberrian hasiko da, eta independentea izango da; parte hartzeko izena eman beharko da.
Bertsolari beteranoak eta berriak ariko dira aurten elkarrekin bertsotan.
A. E.: Bai, eta aukerak zabaldu eta Xabier Arriaga Txiplas eta holakoei ere gonbidapena luzatu diegu parte hartzeko. Batzuek baiezkoa eman dute, bete batzuek ezezkoa, eta hemezortziko taldea osotu dugu.
Hemezortziko horretan, Beñat, zuk lehenengoz parte hartuko duzu eskualdeko txapelketan.
Beñat Bilbao: Bai, lehenengoz parte hartzeko aukera izango dut.
Zelan ikusten duzu zure burua maila jakin bateko bertsolariekin kantatzeko?
B.B.: Ni presiorik gabe noa txapelketara. Esperientzia hartzea da nire asmoa, eta ahalik eta ondoen egitea. Gutuko dut, eta ez dit irabazteko asmorik, eta ez dut helbururik izan nahi.
Txapelketan gazteenetakoa izango da Beñat.
A.E: Bai, Beñatek eta Julen Karrionek 16 urte dituzte, eta lehengo formatoan ezingo lukete parte hartu, Bizkaiko Txapelketarako eskualdeko kanporaketetan parte hartzeko 18 urte izatea derrigorrezkoa zelako. Beraz, malgutasunez hartu dugu hori dena, eta parte hartzeko prest agertu dira.
Aniztasun horrek zein onura ekarriko dio txapelketari?
A.E: Lehen inpresioa freskotasuna da. Azken txapelketetan bertsolari berdinek parte hartu izan dugu. Beste alde batetik, ikusi izan dugu gazteek plazaren falta izan dutela. Hasten ari dira, baina ez dute guk daukagun espazioa. beraz, txapelketa honek jendaurrean kantatzeko aukera emango die.
* Elkarrizketa, osorik, biharko Hitzan.
Txapelketa
Saioak
Azaroak 13,Harizpen. Julen Erezuma, Julen Karrion, Beñat Bilbao, Ibon Ajuriagojeaskoa, Lurdes Ondaro, Ander Elortegi.
Azaroak 20, Belendizen. Mikel Retolaza, Onintza Enbeita, Eneko Aldana, Unai Agirre, Aitor Etxebarriazarraga, Julen Ibarguengoitia.
Azaroak 27, Errigoitin. Jon Arano, Koldo Gezuraga, Asier Galarza, Koldo Muniz, Ibai Amillategi, Gurutz Uruburu.
Abenduak 12, Astran. Finala jokatuko dute.