Argazkilaria: Triz Vega
Guruzne Aristegi (ahotsa), Manu Goikoetxea (bateria), Esti Goikoetxea (baxua), Iker Latxaga (teklatuak) eta Aritz Hormaetxea (kitarra) bermeotarrek osatzen dute Ozhen. Boskote bermeotarra Azkue Fundazioak antolatzen duen Banden Lehiako finalean izango da azaroaren 27an, Bilborocken. Beste hiru taldegaz izango dira lehian: Begiz begi, Desore eta Yoko Out.
Finalistak zarete publikoaren boto gehien jaso duzuen taldea zaretelako, baina, gainera, epaimahaiak ere aukeratu zaituzte. Zeinek ematen du ilusio handiagoa?
Iker Latxaga: Bozkatuena izatea ondo dago, baina epaimahaiak kontuan hartzen ez bazaitu, ez du ezertarako balio.
Manu Goikoetxea: Jendearen botoek ilusioa handia ematen dute. Harrituta geratu gara jendearen erantzunarekin. Hala ere, taldearentzat garrantzitsuagoa da epaimahaiak aukeratzea.
Zelan erabaki zenuten lehiaketara aurkeztea?
Aritz Hormaetxea: Martxoaren amaieran izan genuen esku artean grabatu dugun maketa, eta berandu iritsi ginen beste lehiaketa batzuetara aurkezteko. Banden Lehiaren inguruko mezu bat hartu nuen, eta jarraian eman nuen izena, gainontzeko taldekideei ezer esan barik. Izena ematen lehenak izan ginen.
Azaroaren 27ko finalean beste hiru talde izango dira agertoki gainean. Zelan ikusten dituzue gainontzeko taldeak?
M. G: Ezin gara fidatu. Ez da erraza izango, baina daukagun guztia emango dugu.
I. L: Desorekoek ez dute txarto egiten.
A. H: Ez, grabazioan ez; baina guk ere ez. Desorekoen abestiak ez daude txarto, baina uste dut ez dutela lelo argirik. Bidezko lehia izatea baino ez diet eskatzen epaimahaiko kideei. Gure kasuan, uste dut, taldeak zuzenekoan indar gehiago izango duela. Argi daukat ondo egongo garela, gogor eta indartsu ariko garela.
Esti Goikoetxea: Hala ere, ezin dugu ezer jakin, ez dakigu talde bakoitzak zenbat lagun mugituko dituen, eta epaimahaiak hori ere kontuan hartuko du, hau da, talde bakoitzak mugitzen duen jende kopurua. Finalean ere, publikoak badu zeresana, %40a.
A. H: Talde bakoitzak 20 minutuko zuzenekoa eskaini beharko du. Ondoren, Urtz taldearen kontzertuaz disfrutatu ahalko dute bertaratutakoek. Beraz, ea jendea animatzen den. Euren laguntza beharko dugu berriro.
Irabaziz gero, disko bat ekoizteko aukera ematen dute eta BBK Live eta Bartzelonan joteko aukerak ematen dituzte. Ateak zabaltzeko modukoak izan daitezke, ezta?
A. H: Mugitzeko aukerak izatea beti da garrantzitsua. Herrian mugituta soilik ez goaz inora. Baina bai gu, eta bai gainontzeko taldekoek ere.
M. G: Diskoarena izugarria izango litzateke, bai. Gainera, promozioaren ardura ere eurak hartuko lukete.
Oraindik ezagutzen ez zaituztenentzat, zein musika mota egiten du Ozhenek?
A. H: Euskarazko pop rock melodikoa egiten dugu. Saiatzen gara abestiak itsaskorrak izan daitezen.
I. L: Taldekideak animatzen ari naiz ingelesezko bertsioren bat egiteko, baina apurka apurka joango gara.
Martxoan kaleratutako maketak 5 abesti ditu. Abestiak egiten jarraitu duzue?
M. G: Bai, 12 daukagu. Kontzertu baterako beste abesti.
I. L: Gainera, Banden Lehia irabaziko bagenu, diskoa grabatzeko aukera izango genuke, eta prest gaude.
Noiz eta zelan batu zineten?
M. G: Beste talde batzuetatik gatoz guztiok. Aritz ezagutzen nuen aspaldi eta aurreko taldea utzita zuen, bai Esti eta biok ere. Lokalean hasi ginen probatzen, baina Aritzek gauzak oso argi zeuzkan.
A. H: Hirurok batu eta berehala etorri zen Iker ere. Eli hasi zen gurekin abesten, baina rap abeslaria da, eta saiatu zen arren, asetu egin zen. Hala ere, abestiak garatzen lagundu zigun. Guruznez berba egin zidaten ondoren, eta urtarrilean hasi da gugaz. Erraztasuna dauka, arin hartu zuen. Otsailean hasi ginen maketa grabatzeko lanetan.
Abestiak noren esku daude?
A. H: Nik idazten ditut, eta askotan ez dakit zer idatzi. Abesti bat taldera ekarri orduko, beste lau bidean geratzen dira. Nire emaztea da lehenengo iragazkia.
I. L: Ondoren, lokalean asko lantzen ditugu abestiak. Taldekide guztiak gustura egon arte, abestia ez dugu amaitutzat ematen.
Era askotako lagunak zaudete. Taldea aberasten al du?
I. L: Adin desberdinetako eta ideia desberdinetako lagunak gaude.
M. G: Musika gustu oso desberdinetakoak gara, baina ez dauka zerikusirik. Azken finean musika egitea dugu gustuko.
Zein da zuen helburua epe laburrera? eta luzera?
I. L: Epe laburrera, Banden Lehiako finala irabaztea.
A. H: Nik, epe luzera, taldea gustura eta pozik egotea gurako nuke, elkarrekin jarraitzeko.
M. G: Denok pozik egonda, eta lanean gustura jarraitzen badugu, kostata baina, zerbait egingo dugu.