Partaideek proposatutako jarduerak antolatuko ditu aurten Berbalagunek
Gurasoen eta seme-alaben arteko euskarazko igorpena indartzeko asmoz, iaz abiarazitako Gurasolagun egitasmoak jarraipena izango du aurten, eta egonkortzeko asmoa agertu duteMartxan da hamabigarren urtez Bermeoko Berbalagun egitasmoa. Urtez urte aberast...
Gurasoen eta seme-alaben arteko euskarazko igorpena indartzeko asmoz, iaz abiarazitako Gurasolagun egitasmoak jarraipena izango du aurten, eta egonkortzeko asmoa agertu dute
Martxan da hamabigarren urtez Bermeoko Berbalagun egitasmoa. Urtez urte aberastuz joan den eta parte hartzaileen aldetik harrera «oso ona» daukan egitasmoa dela azaldu dute ikasturte berriko aurkezpen ekitaldian. Taldeetako parte hartzaileak, aurten, «aktiboago» izatea gura dute. Horregatik, eurek proposatutako jarduerak antolatzen saiatuko direla azaldu du egitasmoko dinamizatzaile Marimar Hernandezek.Euskararen erabilera bultzatu eta indartzeko ekimena da Berbalagun. Euskara zinegotzi Juan Karlos Agirreren arabera, «eskoletatik eta euskaltegietatik kanpo, lagunarteko giroan, euskara praktikatzeko aukera ematea da helburua». Lotsatu barik berba egiteko mezua zabaldu asmoz, aurten ere #lotsarikgabe mezuarekin aurkeztu dute egitasmoa.
Ondo pasatzeko formatua
Berbalagunen parte hartzeko euskaraz berba egiteko gogoa baino ez da behar. Euskara ikasten ari direnentzat, zein euskaraz dakitenentzako zuzendutako egitasmoa da, gainera. Hala, euskara dakitenen beharra azpimarratu dute, «ikasten ari direnen bidelagun baitira taldeetan».
Berbalagun aisialdian egiteko egitasmoa dela nabarmendu dute: «Ez da eskola bat, ez dago ez irakaslerik ezta ikaslerik, ondo pasatzeko formatua dauka, modu ludiko eta natural batean», esan du euskari teknikari Aitziber Gerrikaetxebarriak. 5-6 laguneko taldeak osatzen dituzte eta astean behin batzen dira, eta gustuko dutena egiten dute, betiere, euskara erabilita.
Ikasturtea hasita dago eta 6 talde hasi direla adierazi du Berbalaguneko dinamizatzaileak, hala ere, ikasturtea 9 edo 10 talde ingururekin amaitzen dutela esan du. Herritarrei gogorarazi die edozein momentutan eman ahal dutela izena herriko euskaltegietan, udaleko euskara sailean edota dinamitzaileari deituta (607 609 580).
Berbalagun, hala ere, berba taldeak antolatzea baino gehiago da, hainbat jarduera osagarri antolatzen baitituzte ikasturtearen baitan. Iaz, esaterako, eskulan eta sukaldaritza tailerrak, argazki emanaldia eta tertulia eta bisita gidatuak antolatu zituzten, besteren artean. Parte hartzea, gainera, handia izan zela esan du Hernandezek. Aurten, bide berdinetik jarraituko dutela adierazi du, hori bai, partaideek oraingoan zeresan handia izango dute, «jarduerak aukeratzeko aukera izango baitute».
Berbalagun lehiaketagaz ere jarraituko dute; udazkenekoa, negukoa eta udaberrikoa izango dira. Eta, topaketak ere egingo dituzte, talde desberdinetako lagunak batu asmoz.
Ikastetxeekin elkarlanean
Bestalde, Berbalagun egitasmoaren baitan, iaz, martxan jarritako Gurasolagun egitasmoak ere jarraipena izango du aurten. 3 eta 8 urte bitartean dituzten seme-alaben gurasoei zuendutako egitasmoa da. Gurasoen eta seme-alaben arteko euskarazko igorpena indartu eta gurasoen artean euskara praktikatzeko eta erabiltzeko ohiturak eta gaitasuna indartzea du helburu Gurasolagunek.
Ekimen hori ikastetxeekin elkarlanean bideratuko dute, etaaurten Gurasolagun egitasmoa indartzeko asmoa agertu dute. Hala, talde egonkorragoak sortzen saiatuko direla azaldu du Hernandezek.