Organikoa Ean! lelopean, martxan da Ean hondakin organikoa biltzeko kanpaina. Hala, Natxitua eta Bedaronako landa eremuetan autokonposta bultzatzen ari dira, eta herrigunean 5. edukiontzia.
Udalaren asmoa da datorren hilabetean biak martxan jartzea.
Natxitua eta Bedarona auzoetan eta herrigunean batzar informatiboak egin zituzten urriko lehen asteburuan. Horrez gain, badago Hondakinen inguruko batzorde bat martxan, eta horrek bere dinamika edukiko du egitasmoaren zabalkundean.
Horretaz aparte, aurreko asteburuan informazio puntuak jarri zituzten. “Harrera ona eduki du herritarren artean, baina, beharbada, oraindik denetara ez da heldu”, azaldu du Iratxe Arriola Eako alkateak.
Natxituan eta Bedaronan, esaterako, “oso harrera positiboa” eduki duela eta konpostagailua eskatuz jende askok izena eman duela dio alkateak. “Eako herrigunean, beharbada, ez dugu oraindik ondo egin zabalkundea, eta, beraz, horri eman beharko diogu bultzada handiagoa”.
Momentuz, 60 bat familia daude izena emanda konpostagailua erabiltzeko–auzo konpostera zein indibidualak,–eta bosgarren edukiontzirako jende gutxiago animatu dela azaldu du, “bederatzi bat edo”.
Horregatik, uste dute lanketa gehiago egin beharko dutela denean, baina, bereziki, herrigunean. Printzipioz, azarorako konpostagailu indibidualak zein auzokoak eta edukiontzi marroiak erosita izango dituztela aurreikusi dute.
Parte hartzera animatuz
Izena emateko ez dute eperik zehaztu. Hau da, aurrera begira ere izena ematen jarraitu dezakete bizilagunek: “Gertatzen dena da batzuk oraindik ez direla enteratu”. Beraz, nahi duenak aurrerantzean ere aukera edukiko du proiektuagaz bat egiteko. “Azken finean asmoa da hondakin organikoa beste era batera erabiltzea, eta jendea horretara animatzea»” zehaztu du Arriolak.
Batzordeak sortzerakoan oposizioagaz araudi bat adostu zuten. Bertan zehazten da edozein batzordetan parte hartzeko izena eman behar zela hasieran, eta zinegotziekin eta izena emandakoekin osatuko zela batzordea. “Beraz, herritarrei begira bestelako herri batzarrak edo antzekoak egin beharko ditugu, haien iritziak biltzeko”.
Batzordearen eraketan idazkaria eta batzordeburua –beti izango da zinegotzi bat– aukeratu zituzten. Hondakinen batzordeko burua Aitor Okamika da: “Berak jarri zuen mahai gainean gai honi epe laburrean heldu behar zitzaiola, eta gero gauzatu dugun plangintza txiki bat planteatu zuen; hori eztabaidatu eta berriz planteatu zen batzordean”.