Bermeon Basque Country City Downhill Open-a lehiatuko dute
Astelehenean rider profesional onenen ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da Bermeoko kaleetan eta portuan, Basque Country City Donhill Open txapelketan.Izan ere, bihar Bilbon egingo dute City Downhill World Tourreko jardunaldi bat, eta hori aprobetxat...
Izan ere, bihar Bilbon egingo dute City Downhill World Tourreko jardunaldi bat, eta hori aprobetxatuta, astelehenean, Bilbotik Bermeora jauzia egin eta erakustaldia emango dute.
Herriko alde zaharreko kaleetatik eta portutik zirkuitu ikusgarria egingo dute. Bizikleta gainean, saltoak, birak eta oztopoak gaindituz erakustaldia emango dute. Txirrindulari federatuek hartuko dute parte lehiaketan.
Bestalde, City Downhill World Tour-eko profesionalek erakustaldia eskainiko dute. Haien abileziagaz aho zabalik utziko dituzte bertaratutakoak.
09:00etatik 10:00etara izen ematea egin ostean, 13:00ak arte entrenamendu ofizialetan ariko dira partaideak. Gero, 14:30etatik 16:30etara klasifikazioen txanda izango da, eta 17:00etan hasita lehiatuko dute finala. 18:45ak aldera sariak banatuko dituzte.
Munduko onenak
Biharko Bilboko jardunaldia Munduko muturreko bizikleta jaitsiera txapelketarako puntuagarria da.
Hain zuzen ere, 2015eko City Downhill World Tour txapelketa Munduko bost hiritan banatuta dago: Valparaiso (Txile), Santos (Brasil), Bratislava (Eslovakia), Bilbo eta Taxco (Mexiko). Azken horretan jokatuko dute finala, hilaren 24ean.
Beraz, bai Bilbon eta baita Bermeon ere, muturreko bizikleta jaitsieretako punta-puntako profesionalen abileziaz gozatu ahalko da.
Besteak beste, nazioarteko zerrendako lehenengo hirurek hartuko dute parte: Filip Polc eslovakiarra, Tomas Slavic txekiarra eta Joahannes Fischbach alemaniarra.
Era berean, beste izen handiko profesionalak ere ariko dira lehian, esaterako, Bernardo Cruz brasildarra, Ivan Kunaev errusiarra, Ben Moore britainiarra eta Matt Walker zeelandaberritarra.
Bilboko Etxebarria parkea muturreko txirrindularientzako zirkuitu bihurtuko da bihar. Goizeko entrenamenduen ondoren, 14:30ak inguruan hasiko da ikuskizuna. Etxebarria parketik Gas plazara ere jaitsiko dira, baina, aurretik altuera desberdinetako hainbat oztopo gainditu beharko dituzte.
Bilbon zein Bermeon parte hartu gura duten txirrindulari federatuek honako helbide honetan apuntatu behar dute: www.bilbaocitydownhill.com. Bi egunetarako izen emateak 70 euro balio ditu.