Argazkilaria: Gernika KESB
Atzo iluntzean jokatu zuten Emakumezkoen ligan hirugarren jardunaldia, eta Gernika-Lumoko taldea 73-62 nagusitu zen CREF ¡Hola! talde madrildarraren kontra.
Partida zirraragarria jokatuta, emaitza bikaina lortu zuten talde gernikarreko jokalariek. Hasieratik neurketa irabaztera zihoazela argi utzi zuten etxekoek. Talde lan onarekin eta Vanderwallen bi hirukoekin 10-4 aurretik ziren markagailuan.
Baina, aurkariek ere haien jokoa egitera zetoztela erakutsi zuten, eta 0-8-ko partzialagaz 10-12 aurretik jarri ziren madrildarrak.
Gero, Adrianne Ross azken fitxaketa atera zuen Mario Lopez entrenatzaileak, eta hark bere bertikaltasuna erakutsi zuen. Hala, Naiara Diezen hirukoagaz 22-18-ko aldeko emaitzagaz ziren etxekoak.
Defentsa lana indartuz aurkariak estutzea lortu zuten, ondorioz, haien jokoa egiteko zailtasunekin zebiltzan madrildarrak. Orduan, 13-0-eko partziala lortu zuen Gernika Bizkaiak: 28-18. Hala ere, CREF ¡Hola! taldeko jokalariak ez zeuden amore emateko prest, eta presioa areagotuz etxekoek zenbait baloi galtzea eragin zuten. Kanpoko jaurtiketei eta hirukoei esker markagailua parekatzea lortu zuten: 35-34.
Bien arteko berdintasuna nagusitu zen ondorengo minutuetan, esaterako, 42-42 zihoazen 25. minutuan. Gauzak hobeto egin behar zirela argi zuen Lopezek, batez ere, barneko jokalarien ekarpena areagotzeko beharra zegoen. Erreboteak kontrolpean zituztenean gauzak ondo ateratzen zitzaizkien, baina, zenbait unetan sufritzen ari ziren. 54-50 amaitu zuten hirugarren laurdena.
Emozioa nabaria zen, bietako edozeinek irabazi zezakeelako. Etxekoek, oro har, defentsa zein erasoko jokaldietan asmatu zuten. Horri esker, partida amaitzeko bi minuturen faltan, 64-57-ko emaitzagaz markagailuan aurretik zen Malosteko taldea.
Gernika Bizkaiako jokalariek lan txukuna egin zuten. Besteak beste, Popen etengabeko jardunak, Vanderwalen gorengo defentsako lanak eta kanpoko jaurtiketen eraginkortasunak, eta Llorenteren errebote eta defentsako lanak nabarmendu ziren.
Vanderwalek eta Rossek hamabosna puntu pilatu zituzten, eta Vegak eta Popek hamahiruna. Llorentek ere hamabi puntu lortu zituen. Pop izan zen minutu gehien jokatu zituen jokalaria: 39 minutu. Vanderwalek 35 minutu lehiatu zituen eta Ross taldera etorri berriak 31 minutu.
Bosgarren sailkapenean
Orain arteko hiru partidetatik bi irabazi ditu Gernika Bizkaiak. Etxean lortu zuen denboraldiko lehen partidan lehenengo garaipena, Mann-Filter taldearen kontra 78-72 nagusituta. Aurreko asteburuan, berriz, Perfumerias Avenidaren kantxan jaso zuen lehenengo porrota: 67-56.
Gernika Bizkaiak etzi Lleidan (Herrialde Katalanak) dauka hitzordua. Cadi La Seu taldearen kontra jokatuko dute, Seu d’Urgell-en.
Sailkapen orokorrean bosgarrena da Gernika Bizkaia, bost puntugaz. Hain zuze ere, sailkapeneko lehenengo seirek bosna puntu dituzte, norgehiagoka bi irabazi eta bakarra galduta. Gaur gaurkoz Mann-Filter taldea da liderra; atzetik daude Spar Citylift Girona, Perfumerias Avenida eta Conquero Huelva Wagen.
Argazkilaria: Gernika Bizkaia