Dantzak, kantak, doinu biziak eta askoz gehiago
Edonongo dantzari egunetan, dantzek hartzen dute nagusitasuna, baina, horiez gain, izaten dira bestelako ekintzak ere; bazkariak, kantuak, hamaiketakoak, kalejirak…
Ibarruriko Dantzari Egunean bildu ziren domekan Muxikako auzo horretan. Bazkaritan, 200 bat lagun elkartu ziren, eta aurreko eta ondorengo ekintzetan ere jende askok parte hartu zuen.
Meza bukatutakoan, elizpean bildu ziren herritarrak, gaztetxoenen danborradagaz gozatzeko. Bertatik, kalejiran abiatu ziren frontoirantz euriak etenik ez zuen bitartean, eta, behin bertan, danborradagaz gozatzen jarraitu zuten.
Umeek atsedena hartzen zuten bitartean, hamaiketakoa jateko aprobetxatu zuten bertaratutakoek, eta indarrak hartu ostean, dantzariek beraien saioa hasi zuten. Egitarauko ekitaldi nagusi horregaz batera, antzinako erromerien anekdota bildumotxaoaren antzezpena egin zuten, eta, horri laguntzeko, lau herritarren testigantzak biltzen dituen bideo bat ere ipini zuten.
Dantza egiten zuten bitartean aterri zegoen, eta bazkaltzeko orduan ere, euririk egiten ez zuela aprobetxatuta, Saltsamendi txokoaren aurrean bazkaldu zuten 200 bat lagunek.
Arratsaldean, berriz, jota eta arin-arinaren txapelketa izan zuten aukera, eta horretan, Marije eta Jose gailendu ziren. Bukatzeko, txokolatea jateko bildu ziren, azken urteetako dantzari egunen errepasoa egiten zuen bideoa ikusten zuten bitartean.