Gernika Bizkaiak 67-56 galdu du Perfumerias Avenidaren kontra
Zapatuan 67-56 galdu zuen Gernika Bizkaiak Perfumerias Avenidaren kontra. Taldea sendo, serio eta lan ona eginez aritu zen, batik bat lehenengo ordu erdian. Baina, Vanessa Gidden etxeko jokalariak gernikarrentzat partida maldan gora ipini zuten.Neurket...
Neurketa irabazten hasi zen Gernika Bizkaia. Lehiari ekin eta bost minutura, 4-10-ko markagailuarekin aurretik zen. Baina, jaurtiketa libreekin etxeko taldeak aldea murriztu, eta berehala aurretik jarri zen. Popen eta Vanderwallen hirukoei esker 19-20 amaitu zen lehen laurdena.
Bigarren laurdenean, erasoko jokaldiak gutxitu ziren, eta bi taldeen arteko berdintasuna nabarmendu zen. Hala, 30-31 heldu ziren atsedenaldira.
Ondoren, Gemelo eta Gidden jokalarien arteko elkarlana gernikarrak estutzen hasi zen, erasoan min eginez. Hala ere, tartean Edwardsek bere jaurtiketetan asmatu zuen. Baina, 39-40-ko markagailutik 52-40-kora igaro ziren oso denpora gutxian. Perfumerias Avenidak Emakumezkoen ligako talde faboritoetakoa dela erakutsi zuen. Hala ere, Gernika Bizkaiak ez duela amore ematen argi utzi zuten, behin eta berriro puntuak lortzen saiatuz.
Ross, azken fitxaketa
Zapatuan lehiaturiko denboraldiko bigarren jardunaldian Victoria Llorentek eta Adrianne Rossek debutatu zuten. Ross da azken fitxaketa, eta eskolta lana egitera etorri arren, behar denean jokoaren antolatzaile moduan ere jokatuko du. Emakumezkoen ligan 2010-2011 denboraldian jokatu zuen Lleidako (Herrialde Katalanak) taldeagaz.
Mario Lopez entrenatzaileak esan duenez, esperientziadun jokalaria da, eta garrantzitsua da Cadi La Seu taldean aritu izana. «Kanpoaldeko lerroa osatzera dator. Espero dugu bere esperientzia eta baita bere bakarkako kalitatea ere lagungarri izatea. Erasoan oso azkarra da, eta kontrako jokaldietan aurkariak desorekatzeko gai da. Asko lagundu diezaiguke defentsan duen intentsitateagaz eta baloiak lapurtzeko duen abileziagaz».