Familietan euskara bultzatzeko, 'Eman Giltza' programan parte hartuko du Sukarrietako Udalak
Beste urte batez, Sukarrietako Udalak Eman Giltza ekimenean parte hartuko du. Ekimen horrek guraso askok euren seme-alabak eleaniztasunean hazteko duten kezkari erantzuten diola diote udaletik.
Eman Giltza ekimenak online plataforma bat eskaintzen du. Plataforma horretan familia artean euskararen igorpena errazteko tresna baliagarriak eskaintzen dituzte. Alkarbide bilguneak koordinatzen du ekimena, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlartzaren eta Eudelen laguntzarekin, euskara belaunaldiz belaunaldi igortzeak duen garrantzia nabarmentzen dute. “Etxea da hizkuntzak transmititzeko bide naturalena eta eraginkorrena. Seme-alabek euskara ondo ikastea nahi badugu, abiapunturik onena jaiotzen direnetik etxean euskara eskaintzea da. Etxean euskara jasotzen duten haurrek euskaraz erraz arituko dira”, azaltzen dute.
Sukarrietako Udaletik jakinarazi dutenez, herriko familiak jakinaren gainean jarri dituzte, eta webgunearen berri eman diete: www.emangiltza.com. Webguneak euskararen igorpena bermatzeko giltza izango diren aholkuak, tresnak eta baliabideak eskaintzen ditu, hain zuzen ere.
Gainera, helburu berberagaz, Sukarrietako Udalak 2015-2016 ikasturterako Eskola Agendak eta gurasoentzako Ku-Ku gidak banatu ditu. Azken horrek umeekin komunikatzeko hitzak eta esapideak batzen ditu hiztegi moduko batean. Bestalde, umeekin berba egiterako orduan egiten diren akats ohikoenak jasotzen ditu. Era berean, gurasoek seme-alabekin gozatzeko aukera izan dezaten, jolasak eta abestiak ere jasotzen ditu Ku-Ku gidak.