Aulestiarrak dantzan batu dira Santa Eufemiko erromeria jendetsuan
Jende asko batu da Santa Eufemi egunaren errepikapenean. Kortezubiko Julen Aranguena izan da ermitara igotzen lehena. Nerea Foruriarena izan da irrintzirik onenaAurreko eguaztenean Santa Eufemi Eguna ospatzerik izan ez zutenek, domekan izan zuten horre...
Jende asko batu da Santa Eufemi egunaren errepikapenean. Kortezubiko Julen Aranguena izan da ermitara igotzen lehena. Nerea Foruriarena izan da irrintzirik onena
Aurreko eguaztenean Santa Eufemi Eguna ospatzerik izan ez zutenek, domekan izan zuten horretarako aukera. Urteroko hitzorduari hutsik egin barik, inguru guztietako herritarrak batu ziren Urregarai inguratzen duten zelaietan, giro onean.Ekitaldi nagusiak, eguerdian
Beste urte batez, asko izan ziren Aulestitik eta Markina-Xemeindik mendira oinez igo zirenak, eta zelaia jendez bete zen Esteibar eta Obietak girotutako erromerian.
Eguerdi partean egin ziren eguneko ekitaldi nagusiak. Eguerdiko meza entzun ostean, Euskal preso politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzean batu ziren hainbat herritar. Ostean, 35. Ermitara igoera lehiatu zen.
Antolatzaileek iragarri dutenez, aurtengoan iaz baino parte hartzaile gehiago izan dira: 36 parte hartzaile izan ziren ermitara korrika igotzera ausartu zirenak. Antolatzaileen esanetan proban ondo errotua dago, eta pozik daude inguruetan duen oihartzunagaz. «Urtetik urtera parte hartzaile gehiago batzen dira, eta horrek asko pozten gaitu».
Helmugara heltzen lehena, iazko txapelduna izan zen: Julen Aranguena. Kortezubikoak lau minutu inguru behar izan zituen lasterketa amaitzeko.
Korrikalaririk beteranoena
Atzokoan, gainera, urtero hutsik egin barik parte hartu duen Sabin Zenarruzabeitia Aulestiko korrikalariari omenaldia egin zitzaion. Aulestiarrak sasoiko dagoela erakutsi zuen, eta «osasunak laguntzen dion bitartean», proban parte hartzen jarraituko duela nabarmendu zuen.
Proban parte hartu zuten guztiek aitortza berezia egin zioten helmugan.
Igoeraren ondoren hasi zen irrintzi txapelketa. Hamahiru parte hartzailek izan ziren aurten lehiaketan, eta iaz gertatu modura Nerea Foruriaren irrintziak eraman zuen sari nagusia. Txapela soinean irrintzi ederrak eskaini zituen beste behin ere.
Oso arrakastatsuak
Domekan ez eze, barikuan egin ziren kontzertuetan ere jende asko batu zen. Jai batzordeko kideen iritziz oso arrakastatsuak izan ziren. Pixontxis, Gose eta Kaotiko taldeen soinuek plaza jendez bete zuten. Osteko orduetan hotza ari bazuen ere, goizaldeko ordu txikiak arte dantzan ibili ziren herritarrak Las Tea Party DJekin batera.
Oro har, Santa Eufemia jaien azken txanpa oso arrakastatsua eta jendetsua izan dela nabarmendu dute jai batzordeko kideek. «Jendeak oso erantzun ona eman du, eta horrek hurrengo urteetan ere jaia antolatzen jarraitzeko indarrak ematen dizkigu. Izan ere, herritarren ia herena batzen gara boluntario legez jaiaren antolamendu lanetan».