Zesta-puntaren goia eta bluesa
Zinemaldian izango da 'Jai Alai Blues' film luzea. Jai Alairen eta zesta-puntaren historia laburbiltzen duen ia bi orduko lanak inoiz kontatu ez den istorioa eta historia dakar pantaila handira.XIX. mendeko azken hamarkadan zesta-puntan aritzen ziren p...
Zinemaldian izango da ‘Jai Alai Blues’ film luzea. Jai Alairen eta zesta-puntaren historia laburbiltzen duen ia bi orduko lanak inoiz kontatu ez den istorioa eta historia dakar pantaila handira.
XIX. mendeko azken hamarkadan zesta-puntan aritzen ziren pilotariak bazeuden. Kirol hura sortu eta urte gutxian mundu zabalera hedatu zen. XX. mende hasieran mundu zabalean zeuden frontoiak, leku oso ezberdinetan. «Zesta-puntari buruz oso gutxi dakigu, baita afizionatuek ere», dio Zigor Etxebarriak. Berde Produkzioak izan da pelikula ekoitzi duena, eta laugarren baten laguntzagaz, hiru gernikar dira lan horren atzean daudenak. Etxebarriagaz batera aritu izan dira Hannot Mintegia eta Gorka Bilbao. Azken hori da, hain zuzen, pelikularen zuzendaria.Jai Alai Blues du izena pelikulak; alegia, Jai Alairen eta zesta-puntaren historiagaz batera, horiek bizi izandako urrezko garaiak eta osteko gainbehera kontatuko du. Mintegiak dioenez, zestari buruz ezer ez dakienarentzat egin dute pelikula. «Dena azaltzen da, hasieratik. Asmoa ez da kirolari justizia egitea, ideia kontzeptualagoa da. Kirola zer den ulertzera eman gura dugu, mundutik nola zabaldu zen, eta zelako garapena izan duen. Mexikon asko zabaldu zen kirola da, eta gaur egungo egoera ere kontatzen dugu; berdin Amerikako Estatu Batuetan». Apustuen mundua ere azaltzen dute; enpresa modura nola garatu den.
Horretarako, pilotariekin ez ezik, zesta munduaren enpresari handiekin ere hitz egin dute lana egiterako orduan. «Batez ere, zesta gorenean zegoen urteetako enpresa gizonekin egon gara, AEBetan frontoiak zabaldu ziren garaiko jabeekin, eta gainbehera garaiko enpresari handienetako batekin ere», diote. Richard Berenson da pertsonaia hori, Hartford Jai Alai kudeatu izan duen familiakoa.
Edukinari buruzko informazio gehiegirik ez dute eman nahi, pelikula ikusi nahi duenaren grina mantentzeko. Hala ere, dokumentalak filma itxura duela argitu dute: «Bere alde dramatikoa du, amaiera bat ere badu…». Bilbaok azaldu duenez, pilotaria izandako ikerlari baten ikuspuntutik kontatzen du pelikulak Jai Alairen historia. «Pertsonaiak urrezko garaiak bizi izan ditu AEBetan, baina, greba baten ostean, dena amaitu egiten da. Horregatik, zesta-punta nondik datorren eta gertatutakoa zergatik gertatu den ikertzen hasiko da».
Istorioak bere garapena izango du, eta garapen horretan beste hainbat pertsonaia ezagutuko ditu ikusleak. Pelikulan agertzen diren hainbat pertsonaiek, gainera, eurek bakarrik beste film bat egiteko beste ematen dutela diote egileek.
Hilaren 24tik 26ra
Inoiz kontatu ez den historia pelikula itxuran dakarte Zinemiraatalera. Hiru egunetan ikusiko da Jai Alai Blues: hilaren 24a, 25ean eta 26an. Lehen paserako sarrera denak agortu dira dagoeneko, eta hurrengo bi egunetan ere aretoa betetzea espero dute.
Euskal zinemaren Irizar sarirako hautagaia ere bada gernikarren lana. Hiru hizkuntza biltzen ditu pelikulak: euskara, inglesa eta gaztelera. Euskaldunek eta Gernikak, gainera, dokumentalean pisu handia izango dutela aurreratu dute: «Askorik esan gabe, Remen gernikarra da protagonistetako bat».
Beraz, hizkuntza eta erregistro ezberdinak direla- eta, adi egotea gomendatu dute egileek: «Zentzu guztiekin ikusteko film luzea da. Hizkuntzak nahasten dira, eta azpitituluei adi egon beharko dute ikusleek», Mintegiak azaldu duenez.
Etxebarriak dioenez, «ikusleak lehenengo emanaldian sentsazio askogaz geratuko dira, eta, agian, pelikula berriro ikusi beharko dute gauza guztiak barneratzeko».
Amerikanuak dokumentalaren ideia duenarentzat, Jai Alai Blues guztiz ezberdina dela ohartarazi dute egileek. Antzekotasunen bat izan dezakeen arren, emaitza guztiz ezberdina dela diote.
Zinemaldiaren ostean, Jai Alai Blues beste festibal batzuetara aurkezteko asmoa dute. Eta gero erakutsiko da zinemetan. Hiriburuetan ez ezik, herri txikietako zine aretoetan ibilbide luzea izan dezakeela diote; «Amerikuanuak-ek izan zuen modura».
Lehenago, baina, aurrestreinaldiak egin gura dituzte Gernikan eta Zumaian, bi udalerri horien laguntza izan dutelako.
Serie bat egiteko beste
Azken urte eta erdian buru-belarri aritu dira pelikula egiten, baina lau urte inguru egon dira bidaiatzen eta dokumentazioa batzen. «Mexikori buruzko doku- mental bat egina dagoela esan daiteke» dio Mintegiak, «eta pelikulan material guzti horretatik zortzi minutu baino ez ditugu erakutsiko». Gauzak aukeratzen, laburbiltzen, kentzen… lan mardula izan dutela diote. Orain, material horrekin zenbait kapituluko serie bat egiteko beharrizana duela dio Etxebarriak. «Hori bideratzea da helburua, ea babesleak lortzen ditugun».
Besterik ez dute zehaztuta. «Amerikanuak amaitu genuenean banuen buruan Jai Alairi buruzko zerbait egitea» dio Etxebarriak, «orain, badugu lana, baina ez dugu proiektu pertsonalik buruan».