Jon Salsamendi: "Mutilek ikaragarrizko lana egin behar izan zuten lortu dutena lortzeko"
Biharamun gozoa du gaur Jon Salsamendi Urdaibaiko entrenatzaileak. Atzoko emaitzagaz “oso pozik eta oso gustora” dagoela esan du, eta arraunlariek egindako lana nabarmendu du: “Mutilek ikaragarrizko lana egin behar izan zuten lortu dutena lortzeko eta batik bat horretaz oso harro nago”.
Estropada “oso-oso gogorra” izan zela dio, eta arraunlariek egindako esfortsua “ikaragarria”. “Nik taldeari beti ikusten diot esfortsu maximoa egiten baina atzokoak ez du izenik. Mutil hauek zerbait gehiago dutela esatea ezinezkoa da, atzo den-dena eman behar izan zuten”.
Salsamendiren berbetan, itsasoa berriz ere “oso kapritxosoa” izan zen: “Uste dut baldintza onenak ez genituela bizi izan gure emaitzarik onena lortzeko”. Baina, hala ere, mutilek egindako lanak horri buelta eman ziola gaineratu du. Horregatik, batez ere arraunlariek egin zuten lanarekin “oso harro” dagoela dio; egindako esfortsua “ia neurriz kanpokoa” izan zelako.
Estropada ikaragarria izan zen, eta ohorezko txandako lau ontzien arteko berdintasuna da horren adibide argia: “Kontxako bigarren jardunaldi batean txandako lau taldeak estropada erdia baino gehiago pasa, eta oraindik ere laurak ia-ia parean ikustea, hori ikusgarria eta berriz ikusteko oso zaila da”.
Beti izaten da baten bat huts egiten duena, eta atzo inork ez zuen hutsik egin; lau taldeek txanda irabazi nahi zuten, laurek beren mailarik onena erakutsi behar izan zuten: “Uste dut halaxe erakutsi genuela, eta horrek meritua ematen dio guk egindakoari, halako maila eman aurkariek eta gu haien gainetik egotea horrek du meritu handia”.
Harrera beroa
Estropada amaitzean hasi ziren eguneko protagonistak eta Donostiara hurbildutako zaleak garaipena ospatzen. Ondoren, Gernikan bazkaldu, eta herrirantz abiatu ziren. Foruan, Busturian, Sukarrietan eta Mundakan, toki guztietan zegoen bide ertzeetan jendea. Oso-oso hunkigarria izan zela kontatu du Urdaibaiko entrenatzaileak: “Bermeoko harrera zoragarria izan baldin bazen, ez zen gutxiago izan Gernikatik hasi eta Bermeorainoko ibilbidea. Horrenbeste jende, eta halako pozez! Guri elkartasuna adieraziz, egia esan oso-oso polita. Eta gero zer esanik ez Bermeoko sarrera, Lamerako ongi etorria, zoragarria”. Herriak arraunlariak zoriondu zituen; Lamera bete jende batu zen atzo iluntzeko harreran. Jai giroan ospatu zuten garaipena, eta arraunlariek eta entrenatzaileak ere hitza hartu zuten herritarren aurrean.
Gaur atseden eguna dute, baina, bihartik aurrera ligaren azken txanpara begira lan egiteko momentua da. “Gure betebeharra eta eginkizuna da burubelarri prestatzen hastea asteburuko estropadak”.
Gainera, zapatu arratsaldean, etxean dute hitzordua. Salsamendik adierazi duenez, herritarrek emandako bultzadari duten “onena emanez” erantzuten saiatuko dira. “Ikusiko dugu gero gure lana ondo eginaz estropada irabazteko kapaz garen edo ez. Oso zaila izango da, atzo ikusi zen bezalaxe. Dena ondo egiten ez badugu ez dugu bandera irabaziko, baina, irabazi nahi badugu gure eginbeharra da zuhur jokatzea eta gauzak ondo egitea eta horretantxe saiatuko gara eta ea larunbatean berriz ere afizioari beste poz handi bat eskaintzen diogun”.