Elantxobeko arrantza mundua "betikotu" gura dute; liburua atera eta erakusketa egingo dute
Makuesak proiektuan parte hartu duten hiru herritar
Herriko ekonomiaren oinarria zen arrantza Elantxoben ere, baina desagertu da. Azken ontziak kentzeko zirenean bururatu zitzaion Iñigo Azkona elantxobetarrari herriaren historiaren parte handi bat den arrantza mundua “betikotzea”. Azken ontzi horietan izan zen, argazkiak ateratzen. Eta gero, ontzien faltan, arrantzaren inguruan mugitu izan diren herritarrak jarri ditu objetiboaren aurrean. “Familia asko bizi izan dira arrantza mundutik, baina hori desagertzen joan da”. Beraz, guztiz desagertu aurretik, arrantzak herrian izan duen garrantzia gordetzeko modua bururatu zitzaion. Hortik dator Makuesak proiektua, eta abuzturako liburua esku artean izatea espero dute.
Urte pare bat eman ditu argazkiak ateratzen. Prest zeuden herritarrekin kontaktoan jarri, Elantxobeko Bodegan batu eta han atera ditu Azkonak argazkiak. “Proiektu honetan, gainera, Xabier Enbeitaren laguntza izan dut. Erretrato bakoitzari bere testua jarri dio”. Bizkaiko Forua Aldundiaren laguntza izan dute arlo ekonomikoan, eta, diruz ez, baina Elantxobeko Udalak ere babesten du proiektua. Argazkiekin eta argazki bakoitzari dagokion testuarekin, liburua prestatu dute, eta inprentan da dagoeneko.
Liburuarekin batera, erakusketa ere jarriko dute. 41 argazki, bakoitza dagokion testuarekin. Elantxoben jarriko dituzte lehenbizi erakusgai, herriko hiru lekutan. “Erdigunean, kultur etxean, goiko partean Makues jatetxean eta beheko partean Kofradian”. Elantxobetarrak herrian batetik bestera ibiltzea da asmoa, Azkonak azaldu legez: “Goikoak ez dituzu sekula portuan ikusiko, eta alderantziz. Horregatik, erretratatu ditudan goiko bizilaguen argazkiak beheko partean jarriko ditut, eta portukoak goian”.
Elantxoben ez ezik, Zarautzeko fotomuseoan ere izango da ikusgai erakusketa, oraindik data zehaztu ez duten arren. Dena den, urtebeteko erakusketa itinerantea egin gura dute, Euskal Herriko kostako herrietara helduz. Azkonak dioenez, arrantzaren gainbehera ez baita Elantxoben bakarrik eman.