Jazz doinuez gozatzeko aukera dago barikura arte
Badator Bermeoko XVIII. Jazzaldia. Gaur hasi eta barikura bitartean, hiru kontzertu eta jam session bat eskainiko ditu Jizz-Jazz taldeak antolatzen duen Jazzber jaialdiak. Eskualdean erreferente den jaialdia dela aipatu dute antolatzaileek, jazz jaiald...
Kontzertuak Bermeoko Kafe Antzokian izango dira, azkenengo urteetan egin modura. Hirurak 20:30ean hasiko dira.
Gaur bermeotar bat egongo da agertokian Jazzber jaialdia irekitzen. Amaia Izarzugazak gidatzen duen Aiama laukotea izango da, hain zuzen, aurtengo jaialdia irekiko duen taldea. Beraiek sortutako konposizioak aurkeztuko dituzte.
Jazz amerikarra eta kubatar bolero erromantikoak egiten ditu laukoteak, eta Amaia Izarzugazak interpretatzen ditu pianoan eta ahotsean, euskaraz eta ingelesez abestuta. «Bitxia» izango dela aurreratu dute antolatzaileek, «ez da ohikoa» izaten-eta jazz estiloan konposaketak abestea. Taldeko beste kideak Alemania, Grezia eta Koreatik datoz.
Federico Nathan Quintet
Ordu eta leku berean, bihar, Federico Nathan Quintet taldea izango da. 2008an abiatutako proiektua da, Nathan anaiek sortutakoa. Taldeak jazz garaikidea eskaintzen du, estilo anitzekin. Hala eta guztiz ere, Uruguaiko candombe, murga eta tango estiloak dira nagusi euren errepertorioan. Biolina, bibrafonoa, pianoa, kontrabaxua eta bateria izango ditu taldeak agertokian. 2013an Rumaniako Bucharest International Jazz Competitionean talderik onenaren saria lortu zuten.
Maciek Wojciesszuk Quintet
Etzi, Jazzber jaialdiko hirugarren egunean eta azkenean, Maciek Wojciesszuk Quintet taldearen txanda izango da. Piano, tronpeta, saxofoi, kontrabaxu eta bateria doinuak eskainiko ditu taldeak.
Maciek Wojcieszuk perkusionistaren ekimen baten ondorioz sortu zen taldea. Haren lanak bere esperientzia zuzenaren eraginak islatzen ditu, eta ez soilik jazz munduaren ingurukoak. Hala ere, beste genero batzuetako eraginak ere badituzte: rockarena, zelten musikarena, Balkanetako folkarena eta antzerkirako bereziko sortu dituen musika ekoizpenena.
Doako jaialdia
Ohi legez, Jazzber jaialdiari amaiera borobila eman asmoz, Jam Session-a egingo dute bariku gauean. Bermeoko Kafe Antzokian barik, Izaro Irish Pub-ean egingo dute aurrekoetan modura. Jazz jaialdiko azken saio hori 22:00etatik aurrera izango dela azaldu dute antolatzaileek.
Jazzaldi «polita» izango dela diote antolatzaileek; eta batak besteagaz zerikisurik ez duela eta, talde guztien kontzertuak ikustea «merezi» duela aipatu dute, gainera.
Jazzber jaialdia doakoa dela gogorarazi gura izan dute antolatzaileek. Eskualdean ospatzen den jazz jaialdi bakarra denez, Bermeoko bizilagunak ez ezik, inguruko herrietako bizilagunak ere erakartzen ditu.
Horregatik, jazz musika zaletuak eta orokorrean musika zaleak direnak parte hartzera deitu dituzte, «musikaz gozatzeko eta jazz estiloa hobeto ezagutzeko aukera ematen baitu jaialdiak».