Maierreko nazioarteko diseinu lehiaketaren sariak erabaki dira
Ezagutara eman dira aurtengo Maierreko diseinu sarien irabazleak. Edizio honetan 149 proiektu aurkeztu dira eta denek kotxeen apainketa izan dute ardatz. Frantzia, Italia, Alemania, Britainia Handia, Espainia, Txina, Kanada, Mexico edo Brasiletik bidalitako lanak lehiatu dira eta guztira 15.000 euro banatu dituzte saridunen artean.
Urte honetan aurkeztu diren proiektuak Colour&Trim esparrukoak izan dira, hau da, autoen apainketarako koloreen diseinua, materialak eta egiturak barneratzen dituztenak. Proposamen desberdinek kotxearen kanpo eta barne produktuak diseinatu dituzte , eta sari banaketa hiru esparru desberdinetan sailkatu da. “Profesional”en sailean Flysch Design izeneko proiektuak eraman du lehen saria. Diseinatzaile freelance eta teknikari komertziala diren Daniela Hermann eta Jon Artamendi izan dira onenak, 8000 euro boltsikoratuz.
Proiektu irabazlea jatorri flysch edo sedimentaria duten harri eraketetan iradokituta dago. Harri mota hau oso ohikoa da, adibidez, Zumaiatik Mutrikura bitartean dagoen kostako zonaldean. Harri honen egitura kontuan hartuta, geruza desberdinak nahastu dituzte, geometria anitza eta kolore aldaeraduna aurkezten duen auto apainketa mota batekin.
“Ikasleak” sailean Cintiyo-Indian Public Transportation lanak irabazi du, Frantziako Rubika diseinuko goi institutuko ikasleek aurkeztu zutena, hain zuzen. 4000 euroko saria, India bezalako nazio batek kotxeen apainketarako dituen errekurtso natural, egitura eta patroi erabilerak ikertzearren izan da. Eta azken saria, “materialen erakusketa onena” izenekoa eta 3000 euroduna, Frantziako Ecole Superieure dArt et Design de Reims-entzat izan da.
Erakunde publikoek eta auto diseinatzaileek eratutako epaimahaiak diseinuen berrikuntza maila, kalitatea eta auto enpresen sektorean izan ahal duten egokitzapena izan dute kontutan. Hortaz, erabilera estetikoaz gain, garrantzia eman diote diseinu guztien praktikotasunari produkzio lanetan.